Oñatiko 13 odol-emailek elkartearen esker ona eta agiria jasoko dute ostiralean
Ia ohitura bihurtu da, azaroko odol-ateraldien egunean odola hainbat aldiz eman dutenei aitortza egingo zaie. Ostiraleko hitzordua probestuko da Oñatiko 13 laguni eskerrak emateko. Odola zenbat aldiz eman denaren arabera, zilar, urre eta Emaile Nagusi agiriak banatzen dira. 2024ko amaiera bitarteko kopuruak gogoan, herriko 13 odol-emaile omenduko dira, ostiralean. 10ek odola 25 aldiz eman dute eta zilarrezko domina jasoko dute eta odola 40 edo 50 aldiz eman eta gero, bi emakumek eta gizonezko batek urrezkoa jasoko dute. Urteetan erakutsitako fideltasun eta eskuzabaltasuna eskertuko zaie ostiralean, 18:00etan, Enpresagintza fakultatean.
Odola aldian behin ematen jarraitzea garrantzitsua da, beharra, egunero dagoelako. Euskadin, egunean, 300 bat odol poltsa behar dira. Eta zailtasunak zailtasun, gutxieneko erreserba mantentzea lortzen da herririk herri egiten diren odol-ateraldietara doazen emaileei esker. Iaz, Euskadin, 30.000 pertsonaren bizitza salbatzea edo haien osasuna hobetzea ahalbidetu zuten 79.000 odol-emate baino gehiagok. 47.000 emaile izan ziren eta nabarmentzekoa da horietatik 6.500 emaile berriak zirela. 18 eta 65 urte arteko edonor izan daiteke odol-emaile, 50 kilo baino gehiago pisatzen baditu, eta osasuntsu badago. Hori ziurtatzeko osasun elkarrizketa egiten da eta emailearen tentsioa zein hemoglobina maila begiratzen da odola eman aurretik. Azken urteetan plasma-emateak bereziki sustatzen ari dira odol-emaileen elkarteetatik. Plasma odolaren osagairik arinena da eta egun erabilera anitz eta ugaria duten deribatuak eskuratzeko aukera ematen du. Plasma, gainera, odola baino sarriago eman daiteke. Baina horretarako Arrasatera edo beste lekuren batetara joan behar da. Oñatira etorri, odola ateratzeko taldea etortzen da, hilean behin. Hurrengo emanaldia ostiralean izango da, 16:30-20:30tara Enpresagintza fakultatean. Bertaratzeko asmoa dutenek txanda bihartik aurrera hartu ahal izango dute www.gotatanta.eus web ataritik. Omenduko diren 13 odol-emaileei, berriz, gonbidapen mezuak bidali zaizkie.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!