Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko enpleguari eta jarduerari eusteko ezohiko udal dirulaguntzen oinarrietan aldaketak egin dira
Covid-19ak eragindako egoeraren aurrean Oñatiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko enpleguari eta jarduerari eusteko ezohiko dirulaguntzen oinarriak maiatzeko Osoko Bilkuran onartu ziren baina ekainekoan hainbat aldaketa egitea erabaki zen, hiru arrazoiengatik: laguntzen irismena zabaltzeko, dirulaguntzak alarma egoeraren iraupenera mugatzeko eta dirulaguntzen zuriketa aurkezteko dokumentazioa zehazteko. Aldaketa hauek ez diote eragingo dirulaguntzak eskatzeko epeari eta hasieran iragarri bezala, uztailaren 30ean amaituko da.
Asteetan itxita eta jarduerarik gabe egon diren hirugarren sektoreko autonomoek eta 10 langile baino gutxiago dituzten mikroenpresen arduradunek eskatu ditzakete udalaren dirulaguntzak, baldin eta Ekonomia Jardueren gaineko Zergan Oñatin alta emanda badaude, nahiz eta egoitza fiskala Oñatin ez izan. Alarma egoeraren ondorioz jarduera eten beharra izan zuten merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreko jardueren arduradunei zuzendutako ezohiko dirulaguntza hauek gehienez alarma egoeraren iraupen epera mugatuko dira. Horrek esanahi du langile bakoitzeko eta ohiko gastuak arintzeko dirulaguntzak gehienez, martxoaren 14tik ekainaren 21a arteko epera mugatuko direla. Establezimendua itxita egon den hilabete bakoitzeko 300 euroko dirulaguntza finkoa emango da; langile kopuruaren araberako dirulaguntza ere eskuratuko da, langile bakoitzeko eta hileko, 60 eta 35 euro artekoa izango delarik eta argindar, ura eta zaborren ohiko gastuak arintzeko dirulaguntzak ere emango dira, esan bezala. Baina establezimendu bakoitzak hartuko duen diru kopurua mugatua da eta gehienera 2.000 euro jaso ahal izango dira. Dirulaguntza hauek jasota gainera, lan jarduerari eutsi beharko zaio gutxienez ondorengo 6 hilabeteetan.
Udal bulegoetan aurkeztu behar diren eskaera orriei hainbat dokumentu erantsi behar zaizkie. Baina gerora ere, dirulaguntzaren zuriketa egiteko, agiri gehiago aurkeztu beharko dira eta, arlo horretan ere, hainbat aldaketa edo zehaztapen sartu dira: autonomotako alta; argindar, ur eta zaborren gastuen fakturak eta ordainketa ziurtagiriak; eskaera-orriko gastuen taula beteta eta Ogasunean eta Gizarte Segurantzan ordainketak egunean daudela adierazten duen ziurtagiria aurkeztu beharko dira.
Herriko zerbitzuen sektorea sustatzeko dirulaguntza hauetara 342.000 euro bideratu ditu Udalak. Eskaerak, uztailaren 30a bitartean egin behar dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!