Menpekotasun egoeran dauden familiakoak zaintzen dituztenentzat oinarrizko ikastaroa antolatu da Sendian Programaren baitan

2015/05/05
Card image cap
14 orduko ikastaroa, bi orduko 7 arratsaldetan emango da, datorren astelehenean hasita

  Ikastaroaren helburua, zaintzen antolaketarako behar diren gaitasunak erraztu eta sortzea ez ezik, zaintzailearen bizitza pertsonala kontziliatzen laguntzea da, beti ere dituen behar eta premien arabera. Zaintza lanetan gainera,  emakumeak aritzen dira sarritaneta hauen burujabetza edo enpoderamendua sustatzea ere bilatuko da ikastaroan zehar.

  Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatu eta Gizarte Politikarako departamentuak kudeatzen duen Sendian programaren baitan kokatzen den oinarrizko ikastaro hau, mendekotasuna duten pertsonen zaintzan diharduten familiarrei zuzenduta dago. Egoerak eta familia harreman horrek berak zaintzaile bihurtu dituen lagunei zuzenduta dago. Askotan, halabeharrez eta prestakuntzarik gabe, zaintza lanetan dihardutenei, alegia.

  Ikastaroan zehar, zaintzailearen beharrak bereziki landuko dira, emozioak, sentimenduak eta estresa bereziki landuko dira. Enpatia edota komunikatzen eta entzuten jakitearen garrantziaz arituko dira eta isolamendua eta harreman sozialen gaia ere landuko da. Zaintza hori erraztuko duten laguntza teknikoak edota babeserako produktuen berri emango da, lehen sorospenak eta mobilizazioari buruzko oinarrizko ezagutzak transmitituko dira eta baliabide sozialen gaia ere landuko da, irisgarritasuna eta ingurua egokitzeari buruzko argibideak emanez.
Zaintzen den pertsonaren gaitasun pertsonalei buruzko aspektu legal eta etikoak ere aztertuko dira, tutoretza, gaitzea eta ez gaitzea edota aldez aurretiko nahiak bereziki azalduz.

  Menpekotasun egoeran dauden familiakoen zaintzan diharduten asko emakumeak direla kontutan hartuta bestalde, generoa ere landuko da eta besteak beste, familia korrespontsabilitatea edota zaintzaren mugak  aztertuko dira.

  Ikastaroak, 14 orduko iraupena izango du eta zazpi egunetan emango da, maiatzaren 11an hasi eta hurrengo sei astelehenetan emango da arratsaldeko 15.00etatik 17.00tara.

  Izen ematea doan da baina plazak mugatuak dira. Gutxienez 10 eta gehienez 20 lagunek parte hartu ahal izango dute. Izena emateko, Udaleko Gizarte Zerbitzuetara deitu behar da, 943.037700 telefono zenbakira. 

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!