Oñatiko udala

Kirol elkarte eta taldeen artean ia 11.500 euro banatuko dira, urteko jarduna eta ekintzak antolatzeko

2025/06/24
Card image cap
Kuadrilen arteko saskibaloi txapelketak udalaren dirulaguntza jasoko du
12 eskaera jaso dira eta guztiak diruz babestuko ditu Udalak, batekin aparteko hitzarmena egingo delarik

  Udaleko Kirol departamentuak bi laguntza lerro ditu: kirola sustatzeko antolatzen diren ekintzetarako kirol elkarteei zuzendutakoa, batetik, eta ohiz kanpoko jarduerako ematen direnak, bestetik.

  Urteko kirol jardunari aurre egiteko dirulaguntza eskatu dute Amilena aire kirol taldeak eta Andarto herri kirol taldeak. Lehenaren jarduna dirulaguntza hauetatik beteko du Udalak baina herri kirolen promozioan diharduen Andarto taldearekin aparteko hitzarmena sinatzea proposatu da, eta ondorioz, deialdi orokor honetatik berezitu da.

  Ugariagoak dira ez ohiko jardueretarako laguntza eskatu eta izango duten elkarte eta taldeak. Hala, udalaren babes ekonomikoa izango dute Antxintxiketan kirol elkarteak San Silbestre lasterketa antolatzeko eta Eraun Torreauzo auzo elkarteak domekan egingo den Torreauzoko kroserako; herriko pilota txapelketak eta futbol txapelketak; Oñatiko mendi martxak, Zubillagako pala txapelketak, Pago Uso elkarteak, Gabonetako futbito eta saskibaloi txapelketetako antolatzaileek eta Txantxiku arkulariak taldeak. Azken honek bi jardueratarako laguntza eskatu eta eskuratuko du. 9 elkarte hauen artean 11.345 euro banatuko dira.

  Baina Oñatin bestelako kirol jardun eta ekintzak ere egiten dira, Oñatiko triatloia, Aloñako igoera edo Kantoikrit proba esaterako eta horiek babesteko banakako hitzarmenak izenpetzen ditu Udalak, Aloña Mendi kirol elkartearekin egiten duen edo aurten lehenengoko aldiz Andarto herri kirol taldearekin egingo den bezala.

  Kirol elkarte eta taldeei zuzendutako dirulaguntzak onartu berri dira. Orain, laguntzaren % 60 ordaindu da eta egitasmoa burutu ondoren, jardueraren memoria eta likidazio ekonomikoa aurkeztu ondoren, gainontzeko % 40a.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!