Ia 25.000 euro banatuko dira gizarte zerbitzuen arloan diharduten elkarteen artean

Hiru irizpide nagusiren arabera baloratzen dira dirulaguntza hauetarako eskaeerak: elkarteek aurkeztutako programa eta jardueraren orientazioa; jardute eremua eta Oñatin egoitza duten, bertako bazkideak dituzten edo herritik egindako zerbitzu eskaerari erantzuten dieten; eta entitatearen funtzioak eta aurkeztutako jardueren helburuak. Gutxieneko puntuazio bat behar da udalaren dirulaguntza jasotzeko eta eskaera egin duten 24 elkartek gainditu dute gutxieneko hori. Dirua, gainera, lortutako puntuazioaren arabera banatzen da, punturik gehien lortu duen erakundetik hasi eta aurrekontua agortu arte. Gerta liteke, elkarte batek aurkeztutako ekintzaren kostuaren %100 betetzea, eta halako hiruren kasua izan da aurten: Alcer, Duintasuna elkartea eta Gautena. Hiru elkarte hauek eskatu duten dirulaguntza osorik jasoko dute. Oro har, elkarteek, 465 eta 1.474 euro arteko laguntza jasoko dute.
Udalaren dirulaguntza jasoko duten elkarte gehienak Gipuzkoa mailan lan egiten dute (AGIFES, ADEMGI, ATECE, GAUTENA...), baina badira egoitza Oñatin dutenak ere, hara nola, Arantzazuko Santutegia eta bertan garatzen den Elkarrekin Bila proiektua, Espetxeratuekiko parrokia pastoraltza eta TRAUTI taldea.
Gizarte zerbitzuen arloan diharduten elkarteen artean 24.768 euro banatuko dira aurten. Elkarteek jasotako dirulaguntzaren justifikazioa aurkeztu beharko dute.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!