Oñatiko udala

Erakundeetako ordezkaritza zabalarekin ospatuko da Arantzazuko Ama Birjinaren eguna, bihar

2023/09/08
Card image cap
2022ko Arantzazuko Amaren eguna (Arg: Marian Gonzalez)
Mikel Aranguren bikarioak zuzenduko du meza nagusia eta ondoren, Oñatiko Musika Bandaren kontzertua izango da

  Handikiro, erakundeetako ordezkaritza zabalarekin ospatuko da Gipuzkoako zaindariaren eguna bihar Arantzazun. Iñigo Urkullu lehendakaria, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Eider Mendoza Ahaldun Nagusia, Arantxa Tapia Ekonomia, Garapen Jasangarria eta Ingurumen Sailburua, eta Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako burua Arantzazura etorriko direla baieztatu da. Beste hainbat zinegotziz lagunduta egongo den Izaro Elorza alkateak eta Juan Migel Dorronsoro Arantzazuko guardianoak ongi-etorria emango diete. 12:00etan hasiko den meza nagusiaren atarian izango da hori. Aurretik, Oñatitik oinez joandako erromesaldia hartuko du frantziskotarren ordezkariak.

  7:00etan abiatuko da Parrokia aurrealdetik Arantzazurako erromesaldia baina Zapatan, 8:00etan egin da bigarren hitzordua. Erromesen meza 10.00etan ospatuko da. Beste hiru meza izango dira bihar Santutegian, 12:00etan meza nagusia, 13:30etan gazteleraz eta 19.30etan eguneko azkena. Meza nagusia Mikel Aranguren bikarioak emango du, Fernando Prado gotzaina Erroman baitago. Oñatiko Musika Bandaren kontzertua berreskuratuko da aurten eta meza ostean, ordu erdi pasatxoko emanaldia egingo dute.

  Zapatua izaki, Arantzazura jende asko hurbiltzea espero da. Oñati eta Arantzazu arteko autobus zerbitzua indartu egingo da, astean aurreratu bezala, eta 55 plazetako autobusak ordu erdiroko maiztasunez ibiliko dira.

  Urteroko bide segurtasun protokoloa jarraituko da eta Santutegi aurrealdeko aparkalekua mugikortasun urria dutenentzat eta baimendutako ibilgailuentzat soilik gordeko da. Aparkalekuak betetzen badira, itxi egingo da Arantzazurako errepidea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!