Eguneko arreta udal zerbitzuaren araudiari buruzko kontsulta publikoa abiatu da

2022/01/19
Card image cap
Ekarpenak egiteko epea otsailaren 3an amaituko da

  Aurtengo aurrekontuetan jaso zen eguneko zentro arina izango dena arautzeko prozesuari ekin dio Udalak. Hala eguneko arreta udal zerbitzua arautzen duen arautegia zehaztu Ongizate departamentuak eta dagokion kontsulta publiko tramitea abiatu du, onartu aurretik.

  Kontsulta publikoaren helburua herritarren iritzia ezagutzea da, bai ordenantzaren bitartez konpondu nahi diren arazo, arauaren egokitasun eta helburuen inguruan. Bide batez, jarraitu litezkeen beste aukera erregulatzaile batzuen inguruan herritarrek egoki deritzoten ekarpenak ere egin ahal izango dituzte. Horretarako epea otsailaren 3an amaituko da.

  Gizarte zerbitzuetako euskal sistemak administrazio bakoitzaren eskumenak zehazten ditu. Horren arabera udalei dagokie adinekoentzako eguneko arreta zerbitzuak eskaintzea, mendekotasun arriskuan edo mendekotasun egoeran dauden adinekoei zuzenduta. Oñatiko eguneko zentro arinak astean bizpahiru egunetan eta bizpahiru orduz emango luke zerbitzua. Tarte horretan adituek esku-hartze sozioedukatibo eta psikosoziala egingo lukete erabiltzaileekin hainbat ariketa estimulatzaile eta errehabilitatzaile eginez eta bestelako aisialdi jarduerak beteaz. Zerbitzura iristen diren erabiltzaileen hasierako balorazioa egingo litzateke eta jarraipena ere bai. Erabiltaieek hileko kuota bat ordainduko lukete, betiere, bakoitzaren ahalmen ekonomikoaren araberakoa.

  Adineko pertsona zaurgarriei zuzendutako eguneko arreta udal zerbitzua arautzen duen udal arautegiak zerbitzua eskuratu, eman eta finantzazio baldintzak zehazten ditu, besteak beste. Ordenantzaren tramitazioari dagokion aurretiazko kontsulta ireki da, esan bezala, eta ekarpenetarako 20 lanegun finkatuz. Ekarpenak egin nahi dituzten herritarrek, dagokien formulario edo orria bete ahal izango dute udaletxeko HAZ bulegoan edo udal webgunean.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!