Oñatiko udala

Burgosko Antonio José Abesbatzen lehiaketan parte hartuko du Ganbara abesbatzak larunbatean

2026/10/22
Card image cap
Kantabria, Murtzia eta Asturiasko talde banarekin lehiatuko da

  Datorren urtean, irailean, nazioarteko lehiaketa batetan parte hartzeko asmoa du Ganbara abesbatzak eta halakoetan egin ohi duenez, estatu mailako beste batetan probatuko du lehenik. Burgosko XXIII. Antonio José Abesbatzen lehiaketan arituko da asteburuan. Hitzordua Burgosko Forum Evolución-eko Rafael Frühbeck auditorioan izango da, larunbat arratsaldean (19:30).

  Hitzordu garrantzitsua da Ganbara abesbatzarentzat, azken hilabeteetan egindako lana erakusteko eta lehiaketak sortzen duen tentsioa kudeatzeko ariketa moduan ere bai. Berezia da, bestalde, aurtengo lehiaketa bera, izena ematen dion Antonio José Martínez Palacios musikari eta konpositore burgostarra hil zuteneko 90. urteurrena bete baitzen urriaren 9an.

  Antonio José konpositorea eta bere lanak ezagutaraztea da Burgosko lehiaketaren helburuetako bat eta abesbatza guztiek honek konposatutako Aquél galán que allí viene obra kantatu beharko dute. Nahitaezko obra horrezaz gain Gaztela-Leongo konpositore edota letragile baten obra ere interpretatuko dute eta hirugarren obra, aukera librekoa izango da. 15 minutuko tartea izango du talde bakoitzak eta oñatiarrek Alejandro Yagüeren Dibujo en el agua eta Randall Strooperen Christi Mutter kantatuko dute. Ganbara abesbatzarekin batera beste hiru talde arituko dira larunbateko lehiaketan: Kantabriako Coro Joven de Santander, Murtziako Patnia Coro de Cámara eta Asturiasko Ensamble vocal de Gijón.

  Lehengo sailkatuak 3.000 euro eta 2027ko Gran Premio Nacional de Canto Coral lehiaketan aritzeko txartela jasoko du, bigarrenak 2.000 euro eta hirugarrenak 1.000 euro. Gainera publikoaren saria ere banatuko da, 300 eurokoa.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!