Oñatiko udala

Baltzardi taldearen “Orekaren dantza” lanak irabazi du Oñatiko XIII. laburmetraien rallya

2022/11/07
Card image cap
Dwingi Dwingi taldeak 3 sari eskuratu ditu

  Larunbatean jokatu zen Oñatiko laburmetraien rallya. 18 talde aritu ziren goizean goizetik antonimoak gaiaren bueltan beren lanak osatzen. Horretarako, antolatzaileek emandako hainbat lekutan grabazioak egin zituzten eta zotza erabili zuten, hori izan baitzen derrigorrean agertu beharreko objektua. 19:00tarako ordea, 17 lan bakarrik aurkeztu ziren eta berandu entregatu zena lehiaketatik kanpo geratu zen nahiz eta Santa Anako emanaldian pantailaratu zen.

  Baltzardi taldearen Orekaren dantza lanaren planteamendu estetiko eta originala azpimarratu zuen epai-mahaiak lehen saria ematerakoan. Objektuaren erabilera berezia ere azpimarratu zuten. Taldeak, dantzaren bidez erakutsi zuen gure barnean sortzen diren gatazka, kontraesan eta jarrera antonimoak.

  Dwingi Dwingi taldeak ikusleen barreak eragin zituen, beste behin, eta Katu McKosmikoa lanarekin publikoaren saria ez ezik, epaimahaiaren bigarren saria eta objektuaren erabileraren saria eskuratu zituen. Hirugarren saria berriz, LPM taldearen Zipalillo lanarentzat izan zen. Eta aktore onenaren Tiego Gonzalves saria Lolo and Navajas taldeak eskuratu zuen. Aipagarria da aktoreak ez direla filmean kasik agertzen eta plano finko baten gainean grabatutako elkarrizketa entzuten dela. Elkarrizketa natural eta bat-bateko hori saritu zuen epaimahaiak.

  Lau lagunek osatu zuten larunbateko epai mahaia: Jon Olivares aktoreak, Itsaso Pol zuzendariak, Miren Manias euskal zineman doktoreak eta Aitor Abaroa zinema adituak.

  Larunbateko lan guztiak laburmetraien rallyaren youtubeko kanalean ikusgai daude.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!