Oñatiko udala

Araozko ostatua ustiatzeko bigarren deialdia kaleratu du Udalak

2024/04/08
Card image cap
Proposamenak aurkezteko epe berria apirilaren 22an itxiko da

  Lehen deialdia hutsean, eskaintzarik gabe amaitu ondoren, Araozko ostatuaren ustiatze emakidarako oinarriak berraztertu dira eta eguneratuta, deialdi berria zabaldu da. Aldaketa deigarriena hileko errenta ia erdira jaitsi izana da, 1.500 eurotik 800 eurora. Baina ez da aldaketa bakarra; ostatuko taberna eta jatetxearen irekitze egutegian eta langileen hizkuntza ezagutzan ere moldaketak egin baitira. Hala, apartamentuak urte osoan irekita eta alokatzeko aukeran egongo dira, beti ere, ostalariak hilabeteko oporrak hartzeko aukera izango duela kontutan hartuta. Taberna eta jatetxea berriz, astelehenetik ostegunera itxita mantendu ahal izango dira, jaiegunak ez badira edota auzoan hileta edo bestelako ekitaldi berezirik ez badago. Ostiral, larunbat, igande eta jaiegunetan irekita egon beharko duten ordutegia zehaztu da deialdi berrian. Erabiltzaileen hizkuntza eskubideak bermatzearren, bestalde, herritarrekin harremana duen langileak edo langileek elebidunak direla bermatu beharko da, eta euskaraz ahoz adierazteko gaitasuna badutela.

  Kontratua esleitzeko garaian hainbat irizpide baloratuko dira: Udalak finkatu duen hileko kanona hobetzea (31 puntu), ostalaritza arloko esperientzia (20 puntu), jarduketa plana (49 puntu) eta negozio eredua (15 puntu). Beraz, eskaintzetan guztia zehaztuta aurkeztu beharko dute osatuaren ustiaketan interesa duten enpresa edo partikularrek. Eta horretarako apirilaren 22ra arteko epea izango dute. Udalak lau urterako kontratua sinatuko du baina beste bost urtez luzatu ahal izango da.

  Araozko ostatuak taberna, jatetxea eta lau apartamentu turistiko hartzen ditu bere baitan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!