Oñatiko udala

93 erabiltzaile eta lau hezitzaileekin ekin dio urteari Txipistin programak

2024/01/12
Card image cap
Izen-ematea hiru hilabetean behin betetzen da, kalitatezko zerbitzua bermatzeko

  Txipistin jatorri anitzeko oñatiarren programa, LH-1etik DBH-4. mailara, 6-16 urte arteko haur eta gaztetxoei zuzenduta dago. Hasieran, haurrak herrira iritsi ahala taldeetan txertatzen saiatzen ziren udal arduradunak, egun hiru hilabetean behineko izen-emateak betetzen dira, urtetik urtera ahazten ari den beharrari kalitatez erantzuteko, gutxieneko aurreikuspena egin eta zerbitzuaren egokitzapenak gauzatu ahal izateko. 2021-2022 ikasturtea 80 erabiltzailerekin hasi zen, 2021-2022a 101ekin eta 2023-2024a, 103rekin. Urtarriletik apirilera berriz, 93 neska-mutikok eman dute izena.

  Herrian erroldatu diren haurrez gain, Larraña etxera etortzen direnek ere parte hartzen dute Txipistin egitasmoan. Jakina da hauen egonaldia mugatua dela eta joan-etorri horiek esanguratsuak dira erabiltzaileen kopuruan. Txipistin zerbitzuaren oinarrizko egitura hiru hezitzailek eta koordinatzaile batek osatzen dute, baina iazko urte hasieratik laugarren hezitzaile bat ere ari da lanean eta bere jarduna, beharraren arabera egokitzen da, hiru hilabetean behin. Zerbitzuaren kalitatea bermatu nahi da horrela.

  Haur edo nerabe bakoitzak ordubeteko bi saio betetzen ditu astean, astelehenetik ostegunera, eta hilean behin, ostiraletan, bi orduko inklusio ekintza bereziak egiten dira, adin tarteka. Txipistin zerbitzuan hainbat helburu lantzen dira haurren eta gazteen beharrak asetzeko: euskara gaitasunean trebatzea; eskola arrakasta bermatzeko laguntza eskaintzea; aisialdiaz era aktiboan, parte hartzailean, sortzailean eta osasungarrian gozatzea eta Oñatiko herritar aktibo bihurtzeko bertako bizi ohituretan eta jardueretan txertatzea, beti ere, norberaren jatorri eta ama hizkuntzaren balioa aintzat hartu eta kulturartekotasun balioetatik abiatuta.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!