Oñatiko udala

27 langabe gutxiago zenbatu dira azken hilabetean Oñatin

2024/05/06
Card image cap
325 langabe eta %5,98ko tasarekin iazko apirileko kopuruen pare jarri da

  Nabarmen gutxitu da langabezia gurean azken hilabetean; 325 lagun zenbatu ziren apirila akaberan, martxoan baino 27 gutxiago. Horrek langabezia tasa %6tik behera kokatu du, aurten lehenengoko aldiz. Une honetan, %5,98 da Oñatiko langabezia tasa. Orain urtebeteko kopuru eta tasaren pare, bitxia gerta liteken arren.

  Azken hilabete honetan adin tarte guztietan gutxitu da langabeen kopurua, bai gizon eta baita emakumeen artean, baina bereziki aipagarria da 45 urtez gorakoen artean eta gizonen artean izan dela jaitsiera handiena. Orain urtebeteko datuekin alderatuta guztiz kontrakoa, nahiz eta kopuru orokorrak parean egon, 2023ko apirilean gutxiago zirelako lan gabe zeuden emakumeak eta 45 urtez azpikoak.

  Azken urtean, hilabetetik hilabetera, langabeziak gorabehera ugari izan ditu gurean eta beheranzko joera egonkortu ezinda ibili da, murrizte joera, elkarren segidako bi hilabetetan lotu direlarik, gehienera. Martxoan bertan komentatu genuen urteko langabe kopuru handiena zenbatu zela eta iazko goren maila markatu zuen abuztu akaberaz geroztik erregistratutako kopururik handiena zela. Orain berriz, iazko apirileko mailaren pare dago Oñatiko langabe kopurua eta tasa.

  Debagoienera begiratuz gero, gutxitu egin da langabe kopurua orokorrean, 82 gutxiago zenbatu dira, nahiz eta Elgetan eta Eskoriatzan, aurreko hilabetean baino langabe gehiago zenbatu diren. Eta Hego Euskal Herri mailan ere joera berbera izan da eta 2.520 langabe gutxiago eta Gizarte Segurantzan 3.948 kotizatzaile gehiago zenbatu dira apirilean. Urte hasiera ez zen bereziki ona izan enpleguarentzat, baina udaberria hastearekin batera datuek bestelakorik adierazten dutela esan genezake. Ohi den bezala, langabezia jaitsi egin da udaberriaren hasierarekin batera eta hori hegoaldeko lau lurraldetan gertatu da, maila handiago edo txikiagoan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!