Oñatiko udala

50. Haurren Eguna ospatuko da irailaren 18an

2022/09/08
Card image cap
11 talde gonbidatu dira eta bazkaria elkarteetan emango zaie

  Maiatza inguruan hasi zen Oñatz dantza taldea Haurren Eguna antolatzen, eskualdeko taldeekin koordinatu asmoz. Zenbaitek eguna bertan behera uztea erabaki zuten baina Oñatzek aurrera egitea erabaki zuen, garrantzitsutzat jo baitzuten bi urteko etenaren ondoren 50.ena ospatzea. Covid-aren inguruko egoera hobetu da baina udaberrian zehaztutako prebentzio neurriz ospatuko da Haurren Eguna, irailaren 18an.

  Oñatz dantza taldeko haurrak gonbidatzen dituzten 11 talde izango dira herriko kaleak alaitzen. Hori bai, aurreko urteetan baino haur gutxiago ekarriko dituzte eta taldeko 25en bat neska-mutiko izango dira gurean. Guztiek herriko elkarteetan bazkalduko dute. Burbuila figura mantenduko da eta haurrak eta arduradunak elkarrekin bazkalduko dute. Horrek leku handiak eskatzen ditu eta herriko elkarteetara jo zen laguntza eskatuz. Erantzuna oso ona izan da guztien aldetik eta eskainitako babesa bereziki eskertzen du Oñatzek.

  Guztira 550en bat neska-mutikok parte hartuko duten Haurren Egunean, Oñatzekoak eta gonbidatutako taldetakoak, erdi eta erdi. Egitarauari dagokionean ez da aparteko berrikuntzarik eta eguerdiko kale erakustaldia eta arratsaldeko plazako dantza alardea izango dira ekitaldi nagusiak. 

  50. Haurren Egunerako kartel berria osatu du Oñatzek; propio sortu den logoa erabili da eta garai bateko argazkiez hornitu da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!