36. Master ikastaroa hasi da Lege Soziologia Institutuan

Euskal Herria eta beste 8 herrialdetatik etorritako 11 ikaslek ekin diote Lege Soziologia Institutuko 36. Master ikastaroari, EHUk duen master zaharrena, unibertsitateko errektore Joxerramon Bengoetxeak azaldu zuenez. Izan ere, EHUko errektorea atzo Oñatin, Lege Soziologia Institutuan izan zen, masterraren inaugurazio ekitaldian parte hartzen. Berarekin batera egon ziren, Izaro Elorza alkatea eta Iñaki Olalde Kultura batzordeburua, Camilo Umaña institutuko zuzendari zientifikoa eta Iker Nabaskues EHUko Zuzenbide fakultateko dekanorde eta masterreko zuzendaria.
Izaro Elorzak ongietorria eta eskerrak eman zizkien master ikastaro honetan parte hartzen duten 11 ikasleei, eskerrak Oñati hautatu dutelako eta Oñatiren izena mundura zabalduko dutelako. Oñatiko egonaldia oparoa izan dadila opatu zien alkateak, bai maila akademikoan baina baita maila sozialean eta kulturalean ere.
Ez da ohikoa EHUko errektorea master ikastaroa inauguratzera etortzea baina kasu honetan Joxerramon Bengoetxeak Lege Soziologia Institutuarekin duen harreman estua kontutan hartu behar da. Institutuko zuzendari zientifikoa izan zen, master ikastaroaren zuzendari, urte askoan, eta egungo zuzendari zientifikoaren eta masterreko zuzendariaren irakasle ere izan zen, Oñatin bertan. Etxean eta lagun artean sentitzen dela esan zuen Bengoetxeak eta institutuak Oñatirekin eta Udalarekin betidanik izan duen harreman estua azpimarratu zuen.
11 ikaslek ekin diote Lege Soziologia Institutuko 36. masterrari. Ikasturte osorako matrikulatu dira eta ikastaro solteetan parte hartuko duten beste hainbat batuko zaizkie, datorren udaberrira bitartean, ikastaroa, 2026ko martxoaren 31n amaituko baita. Oñatin dauden 11 ikasleetatik bi euskaldunak dira, Bilbo eta Gasteizkoak, eta gainontzekoak Alemania, Txina, Irlanda, Kolonbia, Frantzia, Suedia, Erresuma Batua eta Madrildik etorritakoak dira.
Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!