Oñatiko udala

178 plaza eskaintzen dira eskulan ikastaro ezberdinetan aurten

2025/10/09
Card image cap
Gaur zabaldu da izen-ematea, hilaren 19ra arte

  Pinturak, zeramikak eta eskulan dekoratiboak osatzen dute Udaleko Kultura departamenduak antolatutako eskulan ikastaroen eskaintza. 6 urtetik gorako herritarrei zuzendutako aisialdi ekintzak dira baina haurrei zuzendutako eskaintza handitu egin da aurten. Pintura lantzeko aukera zabaldu da eta adinaren arabera, haur eta gaztetxoentzat sei talde osatzeko eskaintza zehaztu da 2025-2026 ikasturterako; 6-13 urte bitartekoentzat asteazkenetan, 6-8 eta 9-13 urte artekoentzat ostegunetan edo ostiraletan emango dira pintura eskolak eta seigarren talde bat eratuko da,14 eta18 urte bitartekoentzat, ostiraletan, arratsaldeko lehen orduan. Nagusien pintura ikastaroak astelehen eta asteartetan izango dira, 16:00etatik 18:00etara lehen taldekoak eta 18:00etatik 20:00etara bigarren taldekoak, orain arte bezala.

  Astelehenetan arituko dira baita ere zeramikan izena ematen dutenak; helduei zuzenduta eskaintza zabaldu da eta lehen taldea, 9:00etatik 11:00etara arituko da, bigarrena 11:00etatik 13:00etara eta arratsaldez hirugarren taldea, 14:45etatik 16:45ertara. Horrek 9-13 urte bitarteko gaztetxoen beste bi talde sortzeko aukera ematen du; batzuk 17:00etatik 18:00etara arituko dira eta besteak, 18:00etatik 19:00etara.
Asteartetan berri, eskulan dekoratiboetan izena ematen duten helduen txanda izango da, hauek ere ordutegi aukera bikoitzarekin, 15:00etatik 17:00etara edo 18:00etatik 20:00etara. Orain bizpahiru urte abiatu ziren gaztetxoei zuzendutako ikastaroak ere mantentzen dira baina adina handituta; 9-15 urte bitarteko neska mutikoek ere eskulan dekoratiboak egiten ikasi ahal izango dute, asteazkenetan eta ordu eta laurdeneko iraupena izango duten txandetan. Bi talde osatzeko aukera eskaini da, 17:00etatan lehenak eta 18:30etan bigarrenak.

  Talde guztietan plazak mugatuak dira jarduera eta guztira, 178 plaza eskaintzen dira. Dauden plazak baino lagun gehiagok izena emango balu, lekuak zozketaz esleituko dira. Gaur bertan ireki da izena emateko epea, urriaren 19ra arte. Onartuen zerrendak, berriz, urriaren 23an argitaratuko dira kultur etxeko harreran eta udaleko web atarian. Plaza lortu dutenei matrikula kobratuko zaie, izena ematerakoan jakinarazi duten kontu korrontean kargatuta. Ikasleen adinaren arabera, matrikula kostua ezberdina izan ohi da, helduek ia 89 euro ordaindu beharko dituzte eta adingabeek 65 euro. Aipagarria da, Oñatin erroldatuta dauden langabetuak matrikula ordaintzetik salbuetsita egongo direla baldin eta langabezia prestazio ekonomikorik ez badute edo agortuta badaukate.

   Ikastaroak, azaroaren 3ko astean hasiko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!