Udaletxeko argindar eta telekomunikazio sareak berritzeko lanak egingo dira abuztuan zehar.

2014/07/10
Eraberritze lanok, Com&media enpresari esleitu berri zaizkio.

  Udaletxeko telekomunikazio eta argindar sareak zaharkituta daude. Horretxegatik, aldatu eta berritzea erabaki da. Argindarrari dagokionez, sare osoa eraberrituko da: kaxa elektriko orokorra eta banaketa koadro berriak jarriko dira, hariteria ere aldatuko da eta larrialdi-argiztapena egokituko da. Telekomunikazio arloari dagokionean, instalazioa zentralizatuko da eta  teilatu azpiko solairuan propio egokitutako gelan jarriko da.Horrez gain,telekominikazio hariteria berritu eta lanlekuetan sarera konektatzeko kutxak egokituko dira.

  Publizitaterik gabeko prozedura negoziatua erabili da udaletxeko argindar eta telekomunikazio sareak eraberritzeko lan hauek esleitzeko. Horrek esanahi du, arloan diharduten hainbat enpresari proposamenak aurkezteko gonbidapena luzatu zaiela. Hiru proposamen jaso ziren eta epai mahaiak Com&media enpresaren eskaintza lehenetsi du. Horretarako, hiru arlo baloratu dira: proposatutako hobekuntzak, obra amaitu ondorengo zerbitzua eta prezioa.

  Esleipenean, pisu handiena eskaintza ekonomikoak zuen baina aipatu beste bi arloetan ere hautatu den enpresak lortu du puntuaziorik altuena.

  Com&media enpresak, lanak, 63 mila eurotan egingo ditu, hasieran zehaztu zen aurrekontua baino 16 mila euro merkeago. 63 mila euro horiei, BEZa batu behar zaio.

  Lanak egiteko berriz, hilabeteko epea izango du. Esleipen baldintzetan lana egiteko epea ez ezik, garaia ere zehaztu zen eta abuztuaren 1ean hasi eta irailaren 1erako amaitu beharko zela finkatu zen. Hau da, udaletxeko langileen gehiengoak oporrak hartzen dituen garaian eta herriko jarduera ere moteltzen den garaian. Horrela, bulegoetako lanean eta herritarrei eskainitako zerbitzuan ahalik eta eragin txikiena izatea lortu nahi da.

  Abuztuan zehar beraz, udaletxeko argindar eta telekomunikazio sareak berritzeko lanak egingo dira.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!