Udaleku irekien koordinazio lana Txatxilipurdi elkarteak egingo du

2021/05/03
Txipistin eta ludotekako hezitzaileak arduratuko dira koordinazio lanaz

  Txatxilipurdi elkartearekin udalak iaz sinatu zuen azken kontratuan ez zen udaleku irekien kudeaketa jaso. Ludoteka eta haur eta nerabe etorkinen bertakotze programaren kudeaketa kontratatu zen eta udaleku irekien ardura udal teknikarien esku uztea erabaki zen. Zerbitzua Haur eta Gazteria teknikariaren ardurapean egongo da baina koordinazio lana Txatxilipurdi elkarteak egitea proposatu du teknikariak, aurreko urteetako esperientzia arrakastatsua elkartearen lan onaren berme dela argudiatuta.

  Udal teknikariaren proposamena ontzat eman da eta udalak antolatutako udaleku irekien koordinazio lanetarako Txatxilipurdi elkartea kontratatzea erabaki da Alkate dekretuz.Txipistin eta Txaloka ludotekan diharduten hezitzaileak arduratuko dira prestatze eta koordinazio lan horietaz. Bost dira egun Txipistin jatorri anitzeko oñatiarren programan eta Txaloka ludotekan jarduten duten hezitzaileak. Bi dagoeneko prestatze lanetan hasita daude, apirilaren 1etik lanaldia 3 orduz luzatu baitie Txatxilipurdik, beste bati ekainaren 1etik aurrera luzatuko dio eta gainontzeko biei ekainaren 28tik uztailaren 23ra bitartean luzatuko die, ordu gehigarri horiek udalekuen prestatze eta koordinazioan sartu ditzaten.

  Udaleku irekien koordinazio zerbitzua betetzeko Udalak Txaxilipurdirekin izenpetuko duen kontratuaren aurrekontua 15.000 euro da.     

Iturria: Oñati Irratia