Udalak, “Bagara” elkartearen esku utzi du ETEOko eraikin zaharrean sormen laborategia eta kulturgunea diseinatzeko prozesua.

2013/04/30

  Aurtengo aurrekontuak onartu zirenean jada aurreratu zen ETEO zaharraren etorkizuna erabaki ahal izateko, erabilpen aukera ezberdinak jasoko lituzkeen azterketa egingo zela. Horretarako diru partida bat ere berezitu zen.

  Halako diagnostikoak egiten duen esperientzia kontutan hartuta, lana “bagara” kooperatibaren esku uztea erabaki da. Elkarteak lana gidatu beharko lukeen langilearen perfila zehaztu du eta dinamizatzaile bat kontratatzeko deialdia kaleratu du. Unibertsitate mailako titulazioa duen pertsona bat bilatzen da. Herrigintzan oinarrituko den prozesua aurrera ateratzeko konpetentziak dituena eta gestiorako, dinamizaziorako, lankidetzarako eta lidergorako gaitasunak dituena. Horrezaz gain, Oñatiko kultur sarea ondo ezagutzea ezinbestekotzat jotzen da. ETEO zaharrean, sormen laborategia eta kulturgunea diseinatzeko prozesurako dinamizatzaile izango den horri, urtebeteko eta egun osoko lan kontratua eskaintzen zaio.

  Bagara elkarteak, Arrasaten azoka biziberritzeko proiektua landu du, besteak beste. Oñatiko udalak, esperientzia positiboki baloratu du eta ETEO zaharraren inguruan antzerako prozesu parte-hartzailea gidatzea eskatu dio.  

Iturria: Oñati irratia