Udal hauteskundeetarako hautagai zerrenda eta herri programa aurkeztuko ditu EH Bilduk gaur

2015/03/24
Card image cap
Herri batzarra Kultur Etxean egingo da 19.30tan

  Oñatiko EH Bilduk azken hilabeteotan egin duen barne hausnarketa eta lanketa prozesuaren emaitza aurkeztuko du gaurko herri batzarrean.

  Hiru puntuz osatu den lan zerrenda jorratuko da. Lehen gaia, hauteskundeen kokapen politikoa eta Fronte Zabalaren bidean herri boterea eraiki izango da. Bigarrena, herri programaren aurkezpen eta onarpena izango da. Amaitzear dagoen legealdiaren balantzea egin ondoren, 2015-2019 udal legealdi berrirako proposamenak batu, aztertu eta kontrastatu dira. Taldeka eta herriko gizarte eragile ezberdinekin osatu den herri programa aurkeztuko da arratsaldeko batzarrean partaideek onartu dezaten.

  Hirugarren eta azken gaia berriz, udal hauteskundeetarako herri zerrendaren aurkezpen eta berrespena izango da. 20 lagunez osatutako zerrenda bakarra eramango da herri batzarrera. Aurrez, hautaketa prozesua egin da. Hauteskunde zerrenda horretarako 63 izen proposatu ziren eta barne lanketa baten ondoren, hogeiko zerrenda zehaztu da. Tartean, egungo udal taldeko hainbat lagun daude baina zenbat eta zeintzuk diren ez da kaleratu. Zerrendan zein postutan joango diren ere ez. Hori, EH Bilduren herri batzarrean ezagutuko da gaur. Eta herri batzar honek proposatutako zerrenda berresten badu, hautagaitza osoa ostiral arratsaldean, 18.30tan  aurkeztuko da Foruen Enparantzan egingo den ekitaldi publikoan. Zerrendaburua bai, ezaguna da, pasa den urtarrilaren 31an aurkeztu baitzuen EH Bilduk Mikel Biain Berraondo berriro alkate izateko hautagai gisa.

  EH Bilduren herri batzarra Kultur Etxean egingo da arratsaldeko 19.30tatik aurrera.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!