Txiki txoko haur eskolan zabalik dago 2018-2019 ikasturterako matrikula epea

2018/05/02
Card image cap
Batxilergo mailan ere gaur ireki da aurre-matrikula epea

  Olakuako haur eskolan, Partzuergoko gainerako zentroetan bezala, astelehenean hasi eta hilaren 11ra arte izango da irailean, urrian edo azaroan hasiko diren ikasle berriak matrikulatzeko aukera. Oñatiko haur eskolan 0 eta 2 urte arteko haurrak hartzen dira. Gurasoek egun erdi edo egun osoko egonaldia aukeratu dezakete. Ordaindu beharreko kuota aukeratutako ordu kopuruaren araberakoa da.

  Orain lau urte egin ziren handitze lanen ondotik Txiki Txokok lau gela ditu eta 42 plaza guztira, 8na, 0-1 urte arteko geletan eta 13na, 1-2 urte artekoen geletan. Ikasturte berrian egun Txiki Txokon dauden neska-mutiko nagusienak Haur Hezkuntzan hasiko dira eta egun 0-1 urteko gelan daudenek jarraitu egingo dute, baina bai 0-1 nahiz 1-2 urte artekoen geletan lekua izango da. Hori bai, plaza eskuratu nahi duten gurasoek orain bete behar dute seme-alabaren izen-ematea, baldin eta, iraila, urria edo azaroan eraman nahi badute.

  Matrikulazio orriak jasotzeko edota instalazioak ezagutu eta hezitzaileekin zuzeneko harremana izateko, haur eskolara joan behar da. Horretarako aukera astelehenetik ostiralera dago, zentroa, 7:30tatik 18:00ak arte zabalik izaten baita egunero. Baina gurasoen galderak eta informazio beharra hobeto asetzeko, telefonoz deituta, hitzordua aurrez adostea gomendatzen da. Telefono zenbakia, 943.716405 da. Bihar arratsaldean gainera ate ireki jarduna beteko da 18:00etatik  20:00etara. Beraz, tarte horretan ere, zalantzak argitu edota beste une baterako zita egin ahal izango dute gurasoek.

  Batxilergo mailan ere, gaur ireki da aurre-matrikula epea; gaurtik maiatzaren 13 edo 14ra arte, aurre inskripzioa on-line egin edo aurrez aurre egitearen arabera. Kasu honetan ez da aldaketa handirik izaten eta normalean behintzat, batxilergoa egin nahi dutenek DBH ikasi duten zentro berean jarraitzen dute. Dena den, Zuazola institutuan ate ireki jardunak antolatu dituzte biharko. 18:00tan gainera, bilera informatiboa izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!