TXATXILIPURDI enpresak kudeatuko du Txaloka ludoteka, nerabe etorkinen bertakotze programa eta uztaileko udaleku irekiak.

2013/12/16
Elkarteak 10 eguneko epea dauka udalak eskatutako dokumentazioa aurkezteko. Eta hori eginda, oraingoz, behin-behinekoa den zerbitzu esleipen hau behin betiko izaeraz onartuko da.

  Pasa den astean jada aurreratu genizuen, haurrentzako balio anitzeko hainbat zerbitzuren kontratazio prozesua oso aurreratuta zegoela. Aurkeztu ziren hiru enpresen proiektuak aztertu eta baloratu ondoren eskaintza ekonomikoak ezagutzea falta zen eta hori ostiral eguerdian egin zen. Ostiralean bertan kontratazio publikoaren behin-behineko esleipena jasotzen duen alkate dekretua argitaratu zen. Horren arabera, eta proiektuaren balorazioan zuen puntu aldea handituz, kontratua, behin behineko izaeraz oraindik, TXATXILIPURDI enpresari esleitzen zitzaiola jakinarazi zen.

  Arrasateko elkarteak orain, 10 eguneko epea du hainbat dokumentu aurkeztu eta behin betiko fidantza ordaintzeko. Hala, ogasuna eta gizarte segurantzari egin beharreko ordainketak egunean dituela ziurtatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu, Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren alta eta Oñatin arituko diren langileei dagozkien titulazio eta euskara ezagutza mailaren agiriak. Kontratazio baldintzetan zehaztu ziren formazio nahiz hizkuntza eskakizunak betetzen direla ziurtatzeko. Gainera, 4.850 euroko fidantza ordaindu duenaren agiria ere aurkeztu beharko du. Txatxilipurdik, 10 lan eguneko epea dauka tramite guzti horiek betetzeko.

  Kontratazio baldintzetan zehaztu zenez, udalak, hasiera batetan, urtebeteko kontratua egingo du Txatxilipurdi elkartearekin Txaloka ludoteka, nerabe etorkinen bertakotzeko programa eta uztailean egin ohi diren udaleku irekien kudeaketa egin dezan. Urtebeteko kontratu hori, dena den, beste bi urtez luzatu daiteke baldin eta bi aldeak ados badaude.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!