Oñatiko udala

Txaloka ludoteka Gaztelekuko Sotora aldatu da

2019/05/09
Card image cap
Lizaur kaleko 5ean igogailua jarri eta fatxada eraberritzeko lanak egiten ari dira

  Txaloka ludotekaren egoitza den Lizaur kaleko 5ean lanak egiten hasi berri dira. Lanok, zerbitzuaren ohiko martxa oztopatuko zuela jakinik,hainbat hilabetez, ludoteka lekuz aldatzea erabaki zuen udalak. Hala, maiatzaren 1erako lokala guztiz hustu zen eta zerbitzua Gaztelekuko Sotora aldatu zen. Astelehenean ireki zen ludoteka zerbitzua Sotoan. Horrek noski, 0-7 urte bitarteko haur eta familiei eskaintzen zitzaien zerbitzua behin behinekoz bertan behera uztea eragin du. San Migel eta Errosarixoko jaiak pasa arte Gaztelekuko Sokoko ohiko zerbitzurik ez da eskainiko. Sotoko ohiko erabiltzaileei eragozpenak barkatzeko publikoki eskatu nahi zaie Gaztelekutik.

  Ludotekak ikasturte amaiera arteko jarduna Sotoan beteko du. Eta gero, irailean, kurtso berria Sotoan edo Lizaur kalean, ohiko lokalean hasi erabakiko da, beti ere, Lizaur kaleko 5ean egiten ari diren lanen arabera.

   Igoigailua eraikitzeko etxe aurrealdeko lurzati bat hartuko da, 8 metro karratu inguruko lurzati publikoa okupatuko da, igogailua ez baitago etxe barruan jartzerik. Hala ere, oinezkoen pasabidea garantizatuta geratuko da lanak amaitu ondoren.  Ludotekak gainera sarrera berria izango du. Pasa den asteko Osoko Bilkuran, hain zuzen ere, lurzoru publiko horren lagapena egitea onartu zen. Bide batez, udalak duen lokalaren zati bat, 2 metro karratu inguru, etxe barruko beste bategatik trukatzeko proposamenari ere argi berdea eman zion udalbatzak, igogailua ezarri eta fatxadak eraberritzeko eskaera onartzearekin batera.

  Gogoratu, Lizaur kaleko 5 zenbakidun eraikinean egingo diren hobekuntza lan hauek aprobetxatuko dituela udalak, sotoan garaje berriak egiteko. Udala Ludoteka hartzen duen lokalaren jabe ez ezik, eraikinaren azpian dagoen garajearen jabe ere bada. Soto horretan aparkaleku berriak egingo dira, sei guztira. Horietako bi udal brigadaren beharretarako gordeko dira, beste bat ludotekako biltegi gisa erabiliko da eta gainontzeko hirurak salgai jartzeko asmoa dago.  

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!