Tramitezko bilera izango dute udal gobernu taldeko kideek gaur arratsaldean.

2012/07/12
21 gaiko lan zerrenda osatu da baina gehienak, obretarako baimen eskaerak dira.

  Uda garaia ezin aproposagoa da eraikinak margotu, teilatuak konpontzeko lanak egin edota leiho eta ateak aldatzeko. Era honetako lanak egin ahal izateko ordea, udalaren baimena behar da eta ondorioz, urte sasoi honetan halako obretarako baimen eskariak ugaldu egiten dira.

  Horixe gertatu da aurreko asteetako tokiko gobernu batzarretan eta horixe errepikatuko da gaur arratsaldeko bileran ere.

  Berez, 21 dira, gaurko lan zerrendan jaso diren gaiak baina gehienak, etxe fatxadak margotu, teilatuan lanak egin edota garajeetako ateak eta etxeko leihoak aldatzeko baimen eskaerak dira. Urte sasoiarekin bat datorren taberna aurrealdean mahaiak jartzeko eskaera bat ere jaso da. Hirigintza batzordearen eskutik datozen gaiak dira gehienak.

  Ogasuna batzordeak, Arantzazu Gaur Fundazioaren diru laguntza eskaera aurkeztuko du eta partaidetza, komunikazioa eta barne antolamendua departamentuak berriz, hainbat langilek egingo dituzten prestakuntza ikastaroak jakinaraziko ditu.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!