Selma Huxley Barkham ikerketa bekara proposamenak aurkezteko epea zabaldu da

2017/03/27
Card image cap
Emakumeen memoria historikoa berreskuratzea da udalak sortu duen bekaren helburua

  Selma Huxley ikerketa bekaren xedea Oñatiko emakumeek historian zehar herriari egindako ekarpenak agerian jartzea da. Lanean, bizitza sozialean, ekonomian, politikan edota kultur mailan Oñatiko emakumeen ekarpena aztergai duten lanak aurkeztu daitezke deialdira. Bekak 12.000 €ko dotazioa du eta aukeratzen den ikerketa lana urtebeteko epean egin beharko da. Baina epaimahaiak hala irizten badu, beste hiru hilabetez ere luzatu daiteke. 

  Zabalik dago jada Selma Huxley ikerketa bekara proposamenak aurkezteko epea. Beka, norbanakoek edota lantaldeek eskatu dezakete. Taldea den kasuan, ikerlanaren zuzendari arduradun bat izendatu beharko da. Beka jaso ahal izateko goi mailako tituluduna izan beharko da eta taldeen kasuan, gutxienez, taldekideen erdiek formazio hori izan beharko dute. Lana euskaraz aurkeztu beharko da eta lan prozesuko elkarrizketak ere euskaraz izango direnez, EGA edo baliokidea den agiria izatea eskatzen da. Ikerketa beka eskuratu nahi dutenek, izen-emate eskabidearekin batera, curriculuma eta egin asmo den lanaren proposamena aurkeztu behar dute.  Proiektu proposamenetan ondorengoak jaso beharko dira: lanaren ikerketa esparrua, aurrekariak eta gaiaren egungo egoera, ikerketaren helburuak, materia eta metodologia, lanerako plana eta kronograma, eta aurreikusitako emaitzak eta horien interesa. Proiektua eta ikerlanaren laburpena euskaraz aurkeztu beharko da. Ikerketa bekarako proposamenak maiatzaren 11ra arte aurkeztu daitezke.

  Selma Huxley beka esleitzerakoan, ikerketa proiektuaren planteamendua, argitasuna eta bideragarritasuna, eskatzailearen curriculuma, eta Oñatiko udalerriaren ezagutza egitasmoan islatu izana kontutan hartuko dira. Hautagaiek emakumeen eta gizonen berdintasunaren alorrean edota mugimendu feministan duten ibilbidea, esperientzia eta prestakuntza ere baloratuko da.

  Oñatiko emakumeen memoria historia berreskuratzeko ikerketa beka hiru zatitan ordainduko da: lehena, % 40a, epaimahaiak erabakia jakinarazi eta onuradunak onartzen duenean ordainduko da; %20a, sei hilabetera, proiektua nola dagoen jakiteko epaimahaiak ebaluaketa egin eta gero, eta azken %40a, ikerketa aurkeztu ondoren.

  Udaleko Berdintasunerako Sailak iaz hartu zuen Selma Hauxley Barkham izena daraman beka sortzeko erabakia. Lehen deialdia berriz ostiralean argitaratu zen Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Zabalik dago ondorioz, Oñatiko emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko genero ikuspegidun ikerketa lanak aurkezteko epea.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!