Santa Ana aretoko komunak eta tarima zati bat konpontzeko lanak egin dira azken asteotan

2018/05/02
Bi mikrofono berri ere erosi dira

  Santa Ana aretoko instalazioak eta hornidura hobetzeko hainbat lan egin dira martxo eta apirilean zehar; eszenatokian, teloiaren atzealdeko zorua konpondu da eta komunak guztiz berritu dira.

  Herritarrok, orokorrean, ikusiko dugun gune berritua komunena da. 1986an  Santa Ana aretoa egokitzeko obra nagusia egin zenetik ukitu gabe, aldatu gabe zeuden komunak. Erabilera mugatua duten arren, ikuskizunen bat edo entseguren bat dagoenean soilik erabiltzen baitira, zaharkituta zeuden 32 urteren ondoren. Komunetako elementu guztiak aldatu dira: 5 komun, 4 konketa, 3 pixatoki eta mugikortasun mugatua dutenentzat egokitutako komunetako burdinazko barrak. Bi ispilu berri ere jarri dira.

   Era berean, eszenatokiaren atzealdean dagoen zoruko egurra berritu da. Teloiaren atzealdean, biltegi moduan erabiltzen diren bi gunetan, zoruko tarima oso hondatuta zegoen. Zulatutako zatiak kendu eta berriak jarri dira eta gune osoa lixatu ondoren berriro barnizatu da.

  Santa Ana aretoan egin diren arotzeria eta iturgintza lanek 7500 euro inguruko aurrekontua izan dute. Aretoaren hornidura teknikoa hobetzeko bestalde, bi mikro sistema berri ere erosi dira beste 2000 €tan.

Iturria: Oñati Irratia