San Juan kalean garajea duten 40 herritarrek, Kalegoienako aparkalekua doan erabiltzeko baimena eskatu dute.

2013/05/14
Aurrerantzean, antzerako kasuetan, udalaren azpiegiturak herritarren eskura jartzeko irizpidea aplikatzea erabaki du udal gobernu taldeak.

  San Juan kaleko ur hoditeria aldatzeko lanen ondorioz, kalea trafikorako itxita dago. Bertan garajea dutenek, edota Zubikoako lurpeko aparkalekuan plaza dutenek ezin dute erabili. Hainbat garaje jaberen eskaria aintzat hartuta, kalea berriro ireki bitartean, Kalegoienako aparkalekua doan erabiltzeko aukera eman zien udalak. Horretarako, dena den, zegokien eskaera egin behar zuten hirigintza zerbitzuetan. Pasa den asteazkenetik ostiralera bitartean, 40 eskaera jaso ziren.
Udalak ez du hainbeste garaje plaza salgai Kalegoienan. Libre daudenak, San Juan kalekoek erabiliko dituzte eta gainontzekoek, parking publikoan. Hala erabaki zen pasa den asteko tokiko gobernu batzarrean. Bide batez, eta era honetako aurrekaririk ez zegoenez, etorkizunean sortu daitezkeen antzerako kasuetarako irizpidea finkatu zen: aurrerantzean, eta udalak hartarako azpiegiturak dituen heinean, herritarren beharrei azpiegitura horien erabilera ahalbidetuz erantzungo die.

Iturria: Oñati irratia