San Juan kalea eta unibertsitate etorbideko zati bana asfaltatuko dira

2016/07/05
Baden elementuak kenduta, oinezkoen pasabide bat ere jasoko da

  2016ko asfaltatze lanak, San Juan kalean eta unibertsitate etorbidean zentratuko dira aurten. Osasun zentroko biribilgune parean hasi eta guardia zibilaren garita dagoen gunera arteko errepide zatia eta hemendik behera, unibertsitate etorbideko biribilgunera arteko zatia asfaltatuko dira, 1432 metro karratu guztira. Asfaltatze lan hauek aprobetxatuko dira bestalde, unibertsitate etorbideko errotonda inguruan dagoen zebrabidea irisgarriagoa egiteko. Egun, abiadura moteltzeko dauden baden elementuak kenduko dira eta pasabidea bera kotaz pitin bat jasoko da. Gainera, asfaltatutako tokietan seinalizazio horizontala ere margotu beharko da.

  Asfaltos Urretxu enpresak egingo ditu asfaltatze lan hauek, 35.100 euroren truke. Lanak, 3-4 aste barru egingo dira, uztaila amaiera edo abuztu hasierako astean. Asfaltatze lanek trafikoari eragingo diotenez, nola egin planifikatzen ari da udaltzain burua.

  Aurtengo asfaltatze lan nagusiak, San Juan kalean eta unibertsitate etorbidean egingo dira. Beharra dagoen beste puntu batzuetan, zuloak estali eta konponketa lan puntualak egingo dira, baina kale edo errepide zati bat egokitzeko lan nagusiak, aipatu bi kaleetan egingo dira.

Iturria: Oñati Irratia

Unibertsitate etorbidean asfaltatuko den errepide zatia