Salbuespen egoera, zuzenbidea eta ekonomia aztergai da Lege Soziologia Institutuan

2016/06/02
14 aditu bildu dira gaur hasi den mintegi berrian

  Unibertsitate zaharrean gaur hasi den mintegiaren abiatze tesia zera da, salbuespenezko egoerak ez direla hain salbuespenezkoak. Alegia, salbuespena eguneroko erreminta bihurtu dela hainbat eskubide eta lege berma indar gabe uzteko. Egun bizi dugun krisi ekonomiko globalean, esaterako, halakoak ohikoak dira herrialde garatu askotan.

  Salbuespen egoeraz berba egiten dugunean, larrialdi egoera bati aurre egin eta normaltasuna nagusitu dadin zuzenbide estatuaren eta estatuek dituzten zenbait berme konstituzionalen indargabetzeaz ari gara. Tradizionalki, indarkeria politikoa, altxamendu edo hondamen naturalek eragindako ez ohiko garaitan hartu izan dira salbuespenezko neurriak. Baina zenbait adituk dio, salbuespen neurriak ez direla jada ez ohiko egoerak administratu edo bideratzeko tresna, gobernatzeko ohiko tresna baizik. Hala, estatu boteretsu eta garatuenetan ere, salbuespen egoera ohiko egoera da. Definizio hau garrantzitsua da garai neoliberalean, zuzenbidea, ekonomia eta subiranotasunaren arteko harremana ulertzeko. Testuinguru honetan, banketxeen finantza erreskatea, politikatik ezarritako salbuespen ekonomiko egoera adierazgarria litzateke.

  Nazioartetik etorri diren 14 aditu, egungo panorama politiko eta ekonomikoan, salbuespen egoera gobernabilitate estrategia gisa aztertzen ari dira, bai legalki, soziologikoki eta baita politikoki ere. 

Iturria: Oñati Irratia