Postetxea irekita egongo da bihar, posta bidezko botoa eskatu ahal izateko

2019/04/17
Oñatin erroldatutako 8846 lagunek izango dute botoa emateko eskubidea apirilaren 28ko hauteskunde orokorretan

  Hauteskunde egutegiaren arabera bihar amaitzen da posta bidezko botoa eskatzeko epea, eta Ostegun Santu eguna izaki berez jai eguna beharko lukeen arren, estatuko postetxeak zabalik izango dira. Baita Oñatikoa ere. Lan egunetako ohiko ordutegia beteko dutela jakinarazi digute, 8:30tatik14:30ak arte. Beraz, apirilaren 28an dagokion hauteskunde mahaira joateko ezintasuna dutenek botoa postaz eskatu dezakete bai gaur eta baita bihar ere.

  Gehienek dena den, dagokien hauteskunde mahaira joanda emango du bozka apirilaren 28an. Espainiako Kongresu eta Senaturako hauteskundeetan espainiar nazionalitatea izan eta Oñatin erroldatuta dauden 18 urtez gorakoek hartu dezakete parte. Guztira, 8846 lagunek eman ahal izango dute botoa gurean. 

  15 hauteskunde mahai irekiko dira apirileko azken domekan Oñatin. Horietako 7 Zubikoako kiroldegian jarriko dira eta beste bina, Santa Marinako eskoletan, Errekaldeko eskola txikian, Olakuako haurreskolan eta Bidaurretako dorretxe honetan. Bozka emateko bi koloretako zerrendak eta sobreak eskuragarri izango dira. Diputatuen kongresurakoak zuriak  dira eta aukeran, 12hautagaitza izango dira, eta beste horrenbeste salmoi koloreko Senaturako hautagaitzak. Kasu honetan zerrenda irekiak dira eta gehienez hiru hautagai aukeratu ahal izango dira, dagokien laukian gurutzea eginda. Kongresurako zerrendak berriz, itxiak dira eta alderdi baten hautagaitza osoa babestu beharko da. Gipuzkoak, lau senatore eta sei diputatu izendatuko ditu hilaren 28ko  hauteskundeen ondoren.

  2016ko ekainaren 26an egin ziren aurreko hauteskunde orokorretan botoa emateko eskubidea zuten oñatiarren % 66ak bozkatu zuen. EH Bildu izan zen bozkatuena, botoen % 33,6rekin. EAJk, botoen %32,4 eskuratu zuen, eta Podemos-Ahal duguk, % 22a.

  Hauteskundeekin erlazionatuta esan, mahaiko presidente izateko izendapena duten 15 herritarrek bilera informatiboa izango dutela hilaren 26an, 19:00tan. Udaletxean egingo den bileran hauteskundeen inguruko azalpenak eta dokumentazioa emango zaie. Baina bilera, esan bezala presidente titular izendapena jaso duten 15 lagunentzat izango da bakarrik, ez ordezko ezta bokalentzat ere.

Iturria: Oñati Irratia