"Pinotxo, hariekin lotu gabe" ikuskizuna Donostiako Kursaalean urriaren 21ean taularatuko da

2017/09/21
Ganbara faktoriak Korpusetan estreinatu zuen Oñatin

  Ekainaren 16 eta17an, hiru emanalditan, herrian aurkeztu zen Pinotxo, hariekin lotu gabe ikuskizunak Donostiara egingo du jauzi datorren hilean. Kursaal aretoan urriaren 21ean, 18:00tan taularatuko da. Bi urte luzeko lan adoretsuari jarraipena emango dio Ganbara faktoriak, nahi bezala, Oñatitik kanpo ere eskainiz. Ekainean jada aurreratu zuten taldeko arduradunek beste emanaldi batzuk hitzartzeko harremanetan zeudela eta ahaleginak izan du fruiturik, etxetik kanpoko lehen emanaldia Donostiako Kursaalean egingo baitute.

  Pinotxo hariekin lotu gabe Tim Bartonen estetikan oinarrituta eta Broadway estilora muntatutako musikal berezia da, Ganbara faktoriak orain arte egin duen handiena. 35 aktorek 80 pertsonaiatik gora antzezten dute. Sei eszenatoki berezi prestatu ziren eta aktoreen karakterizazioa mimo handiz landu zen. Produkzio lanean 40 bat laguneko taldea aritu zen, guraso eta laguntzaileen artean. Familia guztiari zuzendutako ikuskizuna da eta hala programatu da Donostian ere, 18:00tan esan bezala, eta haur eta helduentzako sarrerak berezituta. Sarrerak, internet bidez erosi daitezke jada www.kursaal.eus atarian sartuta, 7 eurotan helduek eta 3 eurotan 12 urtetik beherakoek.

  Chipper eta Alex berandu irten dira eskolatik eta aitona zain dute kanpoan. Hara non, aitonak ikusten duen bere libururik gustokoena dutela poltsan gordeta: Pinotxoren ipuina. Etxera heldu orduko irakurtzen hasten dira eta istorioak bizitza hartzen du.

Iturria: Oñati Irratia