Pello Zabala frantziskotarra ohorezko euskaltzain izendatu dute

2018/05/14
Apirilean Bilbon egin zen azken Osoko Bilkuran 16 ohorezko euskaltzain berri izendatu zituen Euskaltzaindiak

  Guztira, bost emakumezko eta hamaika gizonezko izendatu dira ohorezko euskaltzain: bost bizkaitar, sei gipuzkoar, bi lapurtar eta baxenabartar, arabar eta nafar bana. Horietako bat Pello Zabala frantziskotarra da.

  Euskaltzaindiak aldiro-aldiro izendatzen ditu ohorezko euskaltzainak, hain zuzen ere, euskarari egindako mesede bikainengatik nabarmendu direnen artean hautatuak. Ohorezko euskaltzainen azken izendapena 2014ko maiatzaren 30ean egin zen Donostian. Gaur egun 49 gizon eta emakume dira ohore hori jaso dutenak. Izendatu berri den hamaseikoan jatorri eta lanbide desberdinetako pertsonak daude, hezkuntzari, filosofiari, soziolinguistikari, bertsolaritzari, literaturgintzari, hiztegigintzari, kantagintzari, kazetaritzari, literatur ikerketari edota itzulpengintzari lotuak.

  Pello Zabala Amezketan jaio zen 1943an eta umetan iritsi zen Arantzazura, ikasketak egitera. Fraide frantziskotar bihurtuta bertan bizitzen geratu zen eta hantxe jarraitzen du gaur egun ere. Idazle, irrati aurkezle, musikazale eta meteorologo ezaguna da Zabala. Hainbat urtez ibili zen Euskadi Irratian, hasieran musika programa bat egiten eta ondoren eguraldiaren iragarpenak ematen, tartean bide tradizionalak eta tenporak kontuan hartuz. Naturaren mintzoa: Egunez egun, sasoien gurpilean eta Zeruan zer berri: Arantzazuko talaiatik eguraldiari begira liburuak kaleratu ditu, biak Alberdania argitaletxearekin.

  Pello Zabala ez ezik, Paulo Agirrebalzategi Kortabarria frantziskotarra ere ohorezko euskaltzain da 2014tik. Beste bi oñatiarrek ere harreman estua dute Euskaltzaindiarekin euskaltzain urgazle baitira: Iñaki Aldekoa Beitia, 2013an izendatua, eta Pruden Gartzia 2006an izendatua.

Iturria: Oñati Irratia