Ostirala, autorik gabeko eguna izango da.

2012/09/18
Card image cap
Erdiguneko kaleak autoentzako itxi egingo dira eta lanera edo eskolara bizikletan doazenentzat gosaria izango da Txaketuaneko bidegurutzean.

  Berez, Europa mailan autorik gabeko eguna irailaren 22a izango bada ere, Oñatin ospakizunak bezperara, ostiralera aurreratuko dira. Egun horretan bizikletan eta oinez doazenei lehentasuna emango zaie eta erdiguneko kaleak autoentzat itxi egingo dira. Autorik gabeko ibilbidea osatuko da Unibertsitate etorbidea, Portu Kale, Euskadi Etorbidea, Lazarraga kalea, Atzeko kalea eta San Juan kalea hartuz. Motordun ibilgailuak ezin izango dira zirkuito horretan ibili. Ondorioz, Bidaurretako errotonda parean, Arantzazuko Ama kalean, Zubibarri, Errekalde edota Kurtzebidetik aipatu kaleetara dauden bideak itxi egingo dira.

  Autorik gabeko eguna ordea ez da motordun ibilgailurik gabeko gune bat eratzera mugatuko. Oñatiarrak, erabiltzaile aktibo izatera bultzatu nahi dira eta hartarako bi ekintza konkretu antolatu dira. Goizean lanera edo eskolara bizikletan doazenei gosaria eskainiko zaie eta arratsaldean, bizikleta martxa egingo da.

  Txirrindularientzat gosaria, Txaketuaneko bidegurutzean jarriko da goizeko 7etatik 9etara. Bizikleta martxa aldiz, autoentzat itxi den ibilbide horretan barrena, arratsaldeko 6 eta erdietan egingo da.
AUTORIK GABEKO EGUNA Udalak, Txirrinka bizikleta zaleen taldearen laguntzaz antolatu du. Elkarlan hau ostiraleko ekintza konkretuetatik haratago eraman nahi da eta hilean behin edo, antzerako ekimen gehiago gauzatu asmo da.

  Dendari eta ostalariei gaur-bihar jakinaraziko zaie ostiralean erdiguneko hainbat kale motordun ibilgailuentzat itxi egingo direla eta beharrezkoa duten generoa bezperan ekarri beharko dutela. Hau da, zamaketa lanak aurreratu egin beharko dituztela.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!