Orain 50 urte desagertu zen Oñati-San Prudentzioko trena gogoan seilu eta postala argitaratu ditu CECA Oñati taldeak

2018/01/02
Card image cap
Turismo bulegoan eskuragarri daude, 3 eurotan

  CECA Oñati filatelia eta numismatika elkarteak oroimen-omenaldi seiluak egiteko ohitura du, herrian urteurren edo ospakizun bereziren bat betetzen denean . Eta halaxe egin berri du orain 50 urte zerbitzuz kanpo utzi zen Oñati-San Prudentzio trena gogora ekarrita.

  Lizarra, Gasteiz eta Mekolalde lotzen zituen Vasco-Navarro trenbidearen adar bat zen San Prudentzio  eta Oñati artekoa. 44 urtez egon zen martxan, 1923ko irailaren 30tik 1967ko abenduaren 31ra arte. 44 urteko historia gogoan, postala eta seilua argitaratu ditu CECA Oñati taldeak. Postalean, Oñatiko trenbidearen ibilbidea irudikatzen da eta herriko tren estazioa ez ezik, 1923ko irailaren 30ean egin zen inaugurazioaren haritik ospatu zen bazkariaren menua ere ikus daiteke. Atzeko aldean berriz, OÑATI-SAN PRUDENTZIO 1967-2017 azken tren bidaiaren 50. urteurrena idatzia agertzen da. Seiluan ere Oñati eta San Prudentzio arteko bidea egiten zuen trena desagertu zenetik pasa den mende erdiko tartea gogoan hartzen da eta Oñatiko estazioan garaiko lokomotora bati eta treneko langileei ateratako argazkiaz irudikatzen da.

  CECA Oñati taldeak trenari eskainitako seiluaren lau plegu argitaratu ditu, 100 ale guztira, eta postalaren 60 ale. Biak turismo bulegoan salgai jarri ditu 3 eurotan.

  CECA Oñatik, seilu argitalpen mugatuak egiteko ohitura dauka. 2007an Aita Madinari eskainitakoa atera zuen, 2010ean, Bidaurretako Monasterioari eta Borjako San Frantziskori eskainitakoak. 2015ean, Demetrio Iriarte eta Jose Mari Arizmendiarrietari edota 2016ean, Francisco Esnal parrokiako organujolea izan zenari.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!