Oñatirako alkategairik ez du izendatu EAJk oraindik

2018/06/18
Gipuzkoako Diputatu nagusi eta 25 herritako alkate izateko hautagai jeltzaleak aurkeztu dira asteburuan

  Gipuzkoako EAJren hautagaien aurkezpen ekitaldia Donostiako Kursaalean egin zen larunbatean. Markel Olano presentatu zuten Gipuzkoako Diputatu nagusigai gisa. Ekitaldi berean, Eneko Goia Donostiako alkatetzarako hautagai eta lurraldeko beste 24 alkategai ere aurkeztu zituzten, tartean, Eskoriatza, Aretxabaleta, Bergara eta Arrasateko hautagaiak, baina Oñatikorik ez. EAJren alkategai izango dira Eskoriatzan Jose Ramon Zubizarreta, Aretxabaletan Unai Elkoro, Bergaran Elena Lete eta Arrasaten Maria Ubarretxena. Laurak alkate dira gaur egun.

  Gipuzkoan 10.000 biztanletik gorako 19 herrietatik bostetan alkategaia izendatzea falta dute jeltzaleek: Errenterian, Hernanin, Azpeitian, Oiartzunen eta Oñatin. 5 udalerri hauetan EH Bildu dago egun alkatetzan. Falta dituzten hautagaitza horiek noiz jakinaraziko diren ez zen zehaztu Donostiako aurkezpen ekitaldian.

Iturria: Oñati Irratia

EAJren hautagaien aurkezpen ekitaldia