Oñatiko zerbitzu turistikoen kudeaketa integrala kontratatzeko deialdi berria egin du Garapen eta Turismo Ajentziak.

2014/04/29
Lehiaketan parte hartu nahi duten enpresek, maiatzaren 12ra arteko epea dute proposamenak udal bulegoetan aurkezteko.

  Oñatiko Garapen eta Turismo Ajentziak, turismo bulegoa eta bertan dagoen San Migel Errota eta Arrikrutzeko kobak kudeatuko dituen enpresa kontratatzeko deialdia egin du berriro. Bigarren aldia da, aurreko prozesua bertan behera utzi baitzen aurkeztu ziren enpresek ez zituztelako eskatutako baldintzak betetzen. Turismo bulegoak eta kobazuloak kudeatzen gutxienez urtebeteko esperientzia egiaztatzea eskatzen zen. Deialdi berri honetan, lan eskarmentuaren baldintza pitin bat aldatu da eta bete beharreko bi jardunetako batean aritu izana egiaztatzea eskatzen da, Q kalitate turistikoa duen turismo bulego bat EDOTA kobazulo turistikoa kudeatzen esperientzia izatea eskatzen da. Jardun bakarrean lan eskarmentua izatea onartuko da baina epe luzeagoz, eta azken hiru urteetako bitan gutxienez halako zerbitzu turistikoren baten kudeaketan aritu izana egiaztatu beharko da.

  Gipuzkoako aldizkari ofizialean argitaratu den iragarkiaren arabera, herriko zerbitzu turistikoen kudeaketa hasieran, bi urtetarako kontratatuko da baina beste bi urtez luzatzeko aukerarekin. Oñatiko Garapen eta Turismo Agentziak eskaintzen gehienezko prezioa mugatu du eta lehenengo urtebeterako 97.000 euro gehi BEZa da finkatu den lehiaketa prezioa. Parte hartzen duten enpresek, hortik beherako eskaintzak aurkeztu beharko dituzte.

  Proposamen ekonomikoa lanak esleitzerakoan baloratuko den irizpideetako bat izango da, zerbitzuak antolatzeko sistema, bestelako hobekuntza proposamenak eta merkatuari eta bideragarritasun ekonomikoari buruzko ikerketarekin batera.

  Oñatiko garapen eta turismo ajentziak osatu duen baldintza teknikoen zerrendan bestalde zerbitzu bakoitza publikoari zabalik mantendu beharreko egutegia zehaztu da. Baina xehetasun hauek eta beste batzuk, Oñatiko Garapen eta turismo Ajentzian, Bidebarrieta kaleko 12an dauden bulegoetan eskuratu daitezke. Baita udaletxeko bulegoetan edo udaleko web atarian sartuta: www.oinati.eu-n.

  Proposamenak berriz, udaletxeko bulegoetan aurkeztu behar dira, horretarako azken eguna maiatzaren 12a izango delarik.

Iturria: Oñati irratia