Oñatiko Udala Grant beka jaso zuten bi lanak astelehenean aurkeztuko dira

2017/09/13
Pakistandar inmigrazioari buruzko lana goizean defendatuko da eta Oñatiko hirigintza politikaz egin dena arratsaldean

  Bi proiektu aurkeztu ziren Oñatiko Udalak Lege Soziologia Institutuarekin elkarlanean eman ohi dituen ikerketa beketara. Epaimahaiak interesgarritzat jo zituen bi egitasmoak eta 4000 euroko diru laguntza erdi bana esleitzea erabaki zuen otsailean. Oñatiko Udala Grant beka jaso zuten bi lanok astelehenean aurkeztuko dira Unibertsitate Zaharrean.

  11:30etan, Lege Soziologia Institutuko nazioarteko masterreko ikasle izan den Patara Mckeen kanadiarrak master tesi moduan egin duen lana defendatuko du. Pakistandar inmigrazioa eta integrazioa Euskal Herrian: Oñatiko kasua da ingelesez osatu den lanaren izenburua. McKeen-en esanetan, Oñati aparteko herria da dauzkan berezitasunengatik eta barne-lotura estua duten komunitateek osatzen dutela azpimarratzen du. Jendarte horretan etorkin pakistandarrek bere burua nola kontzeptualizatzen duten aztertu du ikasleak hainbat galdeketa eta elkarrizketa pertsonal eginez. Bost arlo ikertu ditu bereziki: enplegua, hezkuntza, gizarte inklusioa, herri aktibitatea eta harrera.

  Astelehenean bertan baina arratsaldeko 20:00etan, Francisco Vértiz irakasle eta abokatu argentinarrak, bekaren beste onuradunak, La política urbana y la regulación de la vivienda en Oñati (2007-2016) izeneko hitzaldia egingo du. Lan honetan, tokiko gobernuak hirigintza erregulatzeko ezarritako mekanismoak eta Oñatiko etxebizitza-merkatuan azken hamarkadan horiek izan dituzten eraginak landu du Vértizek.

  Bi hitzaldi hauek Lege Soziologia Institutuan aurkeztuko dira. Saio irekiak izango dira eta interesa duten herritarrek bertaratzeko aukera izango dute.

Iturria: Oñati Irratia