Oñatiko Ganbara Abesbatzak Eresbilekin bat egingo du Ez Dok Amairu mugimenduari eskainiko zaion omenaldian

2016/01/13
Card image cap
Taldekideek sortutako hamabi abesti abesbatzentzat moldatuko dira

  Udazkenenean taularatuko den egitasmo honen helburua, belaunaldi gazteei orain 50 urte sortu zen Ez Dok Amairu mugimendua eta honen abestiak ezagutzeko aukera ematea da.

  Ez dok Amairu mugimendua Xabier Lete, Lourdes Iriondo, Benito Lertxundi, Julen Lekuona eta Jose Angel Irigaraik osatu zuten , besteak beste. Eresbil euskal musikaren artxiboak, musikari horiek garai hartan sortutako hamabi melodia aukeratu eta abesbatzentzat egokituko ditu. Moldaketak belaunaldi askotako musikagileek egingo dituzte, hala nola, Jabi Bustok, Eva Ugaldek eta Josu Elberdinek. Hirurek harreman estua dute Oñatiko Ganbara Abesbatzarekin.

  Moldaketak ez dira nolanahikoak izango, Ez Dok Amairu mugimenduan sortutako hamabi melodia berreskuratu eta abesbatzentzat egokituko baitira. Ondoren, gazteez osatutako lau abesbatzen esku utziko dira hauek kantatu ditzaten. Lau abesbatza horietako bat da Oñatiko Ganbara Abesbatza. Besteak, Durangoko Bogoroditsie, Errenteriako Landarbaso eta Nafarroako Ganbera Abesbatza dira.  Publiko aurrealdean udazkenean aurkeztuko dute proiektua, eta osagarri moduan pianoan Mikel Laboaren hainbat melodia eskainiko dituzte.

  Eresbilek Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuarekin bat eginez, hiru egitasmo antolatuko ditu udazkenerako baina garrantzitsuena, aipatu bezala, Ez Dok Amairu mugimendua omentzeko emanaldia izango da. Hala adierazi zuen atzo, egitasmoen berri ematerakoan Eresbileko zuzendari Jon Baguesek.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!