Oñati Abesbatzako kide izan diren abeslariak Santa Zezilia kontzertuan eta ondorengo afarian parte hartzera gonbidatzen dira

2016/11/08
Card image cap
Partiturak eta afaritarako txartelak Txokolateixan eskuragarri daude

  Oñati Abesbatzak 50 urte bete ditu eta horren haritik, ospakizun egitarau zabala gauzatzen ari da. Santa Zezilia musikarien zaindariaren eguna berezia da Oñati Abesbatzarentzat, urtero, egun horren inguruan meza kantatzen dute Agustinoen elizan eta afaria egin ohi dute. Aurten, ospakizuna, hilaren 19an izango da eta are eta bereziagoa, 50 urteko historia luzean taldekide izan diren guztiak parte hartzera gonbidatu baitituzte. Mezetan, Cantantibus abestuko dute eta meza ondoren, taldearentzat kuttunak dituen abesti ezagunez osatutako kontzertutxoa eskainiko dute. Egun abesbatza utzita badute ere, kantatzera animatzen diren taldekide izandakoentzat kontzerturako partituren kopiak atera eta Txokolateixan eskuragarri jarri dira. Era berean, entsegu egun bereziak finkatu dira eta horiek noiz egingo diren ere Txokolateixan jakinaraziko zaie.

  Kontzertuaren ondoren gaztaina erre jana eta afaria egingo dute Larrain-gain elkartean. Bertara joateko interesa duten abesbatzako kide ohiak ere gonbidatuta daude. Afaritarako txartelak, Txokolateixan salgai daude, 15 eurotan. Partiturak jaso eta afaritarako txartelak eskuratzeko azken eguna, larunbata, hilaren 12a izango da.

  Oñati Abesbatzak, taldearen 50 urteko ibilbidean kantu lagun izan direnak bildu nahi ditu Santa Zeziliaren omenez urtero egin ohi duen kontzertu eta afarian. Urteurreneko ospakizunekin ordea, azaroaren 27an amaituko du Oñati Abesbatzak. Domeka horretan eta Musikegunak zikloaren baitan, kontzertua eskainiko du ONCEko Alaia abesbatzarekin batera, Santa Ana aretoan.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!