Olakua auzoko 2. areako irisgarritasuna hobetu eta saneamendua eraberritzeko lanak esleitzeko prozesua abian jarri da

2020/05/18
Card image cap
Ekainaren 10ean amaitzen da enpresen eskaintzak aurkezteko epea

   Olakua auzoko 2 eta 3 zenbakidun etxe-blokeen inguruko urbanizazioa berrituko du udalak datozen hilabeteetan. A2B Arquitectos enpresak idatzi duen proiektuan azaltzen denez, 2-A/2-B eta 3-A/3-B atarien inguruan dauden oinezkoen ibilbideak, zebra-bideak eta mugikortasun urria duten pertsonentzako aparkalekuak berrituko dituzte, irisgarritasun arauetara egokitzeko edo, araua guztiz bete ezin denean, gaur egungo egoera nabarmen hobetzeko.

  Espaloiak zabalduko dira, batez ere 3-A eta 3-B atarien aldean. Mantendu egingo dira bertan dauden aparkalekuak, berritu egingo dira alde bateko zein besteko eserlekuak, eta zintarria ipiniko da berdegunearen bueltan, ikusmen urria duten pertsonen orientazioa errazteko. Horrezaz gain, 2-A eta 2-B etxeen aldameneko ibilbideak ere berrituko dira, zoladura berria jarriz eta bidea oztopatzen duten bide-seinaleak eta farolak lekualdatuz.

  Bi zebra-pasagune berri egokituko dira. Horietako bat 2-A etxe blokearen aldamenean egingo da eta espaloia eta Bidaurretatik Txiki Txoko haur eskolara doan oinezkoen bidea lotuko ditu, modu seguru eta irisgarrian. 2-B atariko berdegunearen ondoan egokituko den zebra-bideak berriz, jolas parkera eta autobus geltokira doan oinezkoen bidearekiko lotura bermatuko du.  Bi zebra-bide horiek altxatutako plataforma erakoak izango dira. Bestalde, bi pasabide egokituko dira 2 eta 3 zenbakidun atarien arteko bidearen ertzetan, alde bietako espaloiei jarraipena emateko, eta oinezkoen ibilbideetako lotura hobetzeko. Plataforma hauek inprimatutako asfaltozkoak izango dira, espaloietako zoladuraren kolore bertsukoak. Mugikortasun urria duten pertsonentzako dagoen aparkalekua mantendu egingo da, espaloien altura berean egongo den asfaltozko plataforma bat egokituz.

  Bi lotetan banatu diren lanen aurrekontua 212.000 euro da, BEZ barne. Lanen esleipenean enpresek proposatutako eskaintza ekonomikoak pisu berezia izango du, puntuazio orokorraren %75a suposatuko duelako. Gainontzeko % 25a, aurkeztutako proiektuaren eta lanen deskribapenaren arabera osatuko da. Lanak egiteko gehienezko epea lau hilabetera mugatu du udalak esleipen deialdian.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!