Olabarrietan, errepide azpiko pasabidea eraikitzeko lizitazioa martxan da

2015/07/02
Card image cap
5 enpresei aurrekontu proposamenak aurkezteko gonbidapena egin zaie eta hartarako epea gaur amaitzen da

  Martxoko Osoko Bilkuran onartu zen GI-2630 errepidearen 12,700 kilometro puntuan oinezkoentzako eta txirrindularientzako azpiko pasabidea eraikitzeko proiektuaren bigarren aldaketa eta proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren lurrak eskuratzeko nahitaezko desjabetze-espedientea hastea.

  Jatorrizko proiektuarekiko bi aldaketa onartu dira, hasieran aurre ikusten zen U formako ibilbidea zuzenagoa bihurtzen zuena lehena eta etorkizunean ezertarako geratuko zen ortua ukitu gabe bidea ondoko partzelatik eraikitzekoa, bigarrena. Udalak bi aldaketa hauek onartzen zituen bitartean, egitasmoa errepidearen jabe den Foru Aldundiari bidali zitzaion eta honek, bi baldintza jarrita, proiektua ontzat eman zuen. Batetik, pasabide berriaren zati batean aurre ikusten zen petrila ez da egingo eta horren ordez, normalizatutako babes-hesia jarriko da. Era berean, ur horniketa hodia pasabide berriaren paralelo eramango da.

  Lanek, ia 210 mila euroko aurrekontua dute eta publizitaterik gabeko prozedura negoziatua erabiliz esleituko dira.
Udalak lizitazioa abian du eta hirigintza departamentutik arloko bost enpresa gonbidatu dira prozesuan parte hartzera. Proiektuaren berri eman zaie eta aurrekontuak proposatzea eskatu zaie. Gaur bertan amaitzen da proposamen horiek helarazteko epea.

  Eskaintza ekonomikoak izango dira lanak esleitzerakoan irizpide nagusi, guztira lortu ahal izango diren 100 puntutatik 80 proposamen merkeenari emango baitzaizkio. Beste 20 puntuak, proposatutako hobekuntzen arabera emango dira. Eta hobekuntza horietan lanak egiteko Udalak finkatu duen epea moztea aurre ikusi da. Udanatik behera datorren errepide nagusiaren azpitik egingo den pasabidea eraikitzeko, 5 hilabeteko epea zehaztu da lizitazio baldintzetan.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!