Oñatiko udala

Natrako enpresa batzordeak ezinbesteko ERTEa inpugnatuko du

2020/06/08
Card image cap
Enpresaren jarduteko modua salatzen dute

  Natra Oñatik ezinbesteko ERTEa aurkeztu zuen maiatzean, enpresa batzordearekin negoziatu gabe. Administrazioak onartu eta maiatzaren 25ean indarrean sartzekoa zen ERTEak ekoizpeneko langileei eta biltegizainei bakarrik eragingo diela argitaratu du enpresa batzordeak.

  Enpresaren erabakia ulertezina egiten zaio batzordeari, elikadura arloan jarduten denez enpresaren jarduera funtsezkoa baita alarma-estatuaren dekretuaren arabera. Gainera, krisialdian lan-karga handia izan dutela adierazi du enpresa komiteak prentsara zabaldu duen oharrean. Langileek lan-karga horri aurre egiteko duten onena eman dutela ere gaineratzen da oharrean, eta horren froga moduan, apirileko nominan Natra taldeko enpresa guztietan langile orori 1000 euroko gain-saria ordaindu zaio, egindako ahalegina eskertuz.

  Orain ordea, lan-karga murriztu dela argudiatuz, Oñatiko Natran ezinbesteko ERTEa aplikatzea eskatu du enpresak. Batzordeak dio ez direla horretarako baldintzak betetzen eta erabakia inpugnatu egingo duela. Ezinbesteko enplegu erregulazio espedientea aukeratzeak kotizazioen ordainketa arintzeko gobernuaren dirulaguntza jasotzea ahalbideratuko diola dio enpresa batzordeak eta eurekin negoziatu beharrik ez izateko bidea hartu izana leporatzen diote enpresa zuzendaritzari.

  ERTEa bezain kaltegarria den neurria aplikatu gabe, egoera bideratzeko beste bitarteko eta lege-tresna batzuk badaudela eransten du NATRAko enpresa komiteak publiko egin duen komunikatuan.     


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!