Oñatiko udala

Mugikortasun foroa urtarrilaren 29an bilduko da berriro.

2014/01/21
Card image cap
Hiri-mugikortasun iraunkorrerako plana zehazteko hirugarren bilera honetan, ekintza-planaren aurkezpena egingo da.

  Orain hilabete egin zen aurreko bileran, mugikortasun aldetik Oñatik dituen mehatxu eta ahulguneak zerrendatu ziren. Hau da, hobetu edo konpondu beharrekoak zerrendatu ziren. Lana, atalka egin zen, oinezkoak, bizikletak, garraio publikoa eta motordun ibilgailuak bereiztuz. Egoeraren inguruko eztabaidak helburuak zehaztea ekarri zuen eta horiek lortzeko ekintzak aurkeztuko dira bihar zortzi egingo den bileran.

  Oinezkoen zonaldea handitu, hau irisgarri bihurtu eta motordun ibilgailuetatik eta bizikletetatik bereiztu eta babestea da oinezkoen atalean zehaztu ziren helburuak.

  Bigarren atalean, bizikleten sarbideak hobetu eta definitzea, bizikleta sarea osatu, oinezkoen zonaldean bizikletaren erabilera arautu eta bizikletaren erabilerarako sustatze-kanpainak eta kontzientziazio kanpaina egitea proposatu zen.

  Garraio publikoaren inguruan beste bost helburu zehaztu ziren: eskola- autobusei dagokionean, autobus lineak bateratzeko azterlana egin eta autobus hauen geltokiak egoki seinaleztatzea proposatu zen. Garraio publikoa erabiltzeko aukerak handitzearen beharra ondorioztatu zen eta zentzu horretan, erabilpen hori sustatzeko informazio kanpaina egitea zehaztu zen. Neurri konkretu bat ere bai, San Prudentziorako autobus “lanzaderak” Olabarrieta auzoraino luzatzea.

  Motordun ibilgailuei dagokienean, azkenik, aparkaleku publikoaren erabilera sustatu, tarifak eta doaneko denbora tarteen inguruko informazioa hobetuz eta seinalizazio orokorra ere hobetuz. Erdigunean, Euskadi etorbidea-Bakardadeko ama kalea eta Unibertsitate etorbidea arteko ibilbidean trafikoa gutxitu eta karga/deskarga guneak arautu eta zamalanetarako soilik erabili daitezela adostu zen. Lanerako joan-etorriak jasangarriak egiteko, autobusa edota bizikleta erabiltzea edo autoa elkarbanatzea proposatu zen.

  Aipatutakoak, Mugikortasun Foroak abenduan egin zuen bileran zehaztu ziren helburu eta estrategiak dira. Horiek gauzatu ahal izateko egin daitezkeen ekintza konkretuak, datorren asteko bileran aurkeztuko dira. Bilera hauek irekiak dira. Zuzenean, herriko hainbat talde edo kolektiboei parte hartzeko gonbidapena luzatu bazaie ere, deialdia, orokorra izaten da interesa duen edozein herritar bertaratu dadin. Eta aurreko bi bileretan ikusi ahal izan denez, gaiarekiko interesa egon-badago.

  Beraz gogoan hartu, Mugikortasun Foroaren hurrengo batzar irekia, bihar zortzi, hilaren 29an egingo dela, arratsaldeko 7etan, Udaletxeko areto nagusian. 

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!