Mondragon Unibertsitateak eta Sherpa.aik lankidetza hitzarmena sinatu dute

2021/02/10
Card image cap
Business Data Analytics graduko ikasleak adimen artifizialean trebatzeko akordioa da

  Sherpa.ai, adimen artifizialeko zerbitzuetako enpresa liderrak, eta MUko Enpresagintza Fakultateak lankidetza hitzarmena iragarri dute, ikasleen prestakuntza erraztu eta garai berrietara egokitutako praktikak ahalbidetzeko, mundu mailan punta-puntako adimen artifizialeko teknologiarekin. Prestakuntza-programa honen bidez, ikasleek Sherpa.aik 2020ko uztailean aurkeztutako adimen artifiziala plataforma bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute. Plataforma horrek hiru zerbitzu arlo hartzen ditu bere baitan: datuen pribatutasunari aplikatutako adimen artifiziala, gomendioari eta aurreikuspenari buruzkoa eta elkarrizketari buruzko adimen artifiziala. Hainbat enpresa eta gizarte esparrutan erabil daitezke, hala nola osasunean, energian, ikerketan edo segurtasunean.

  Duela bi urte martxan jarritako eta egun 80 ikasle baino gehiago dituen Business Data Analytics graduko ikasleak izango dira ekimenean parte hartuko dutenak. Programak Sherpa.aiko lantaldearen prestakuntza-ekintzak eta saio praktikoak konbinatuko ditu. Saio horietan, ikasleek teknologia probatu eta erabiltzen trebatuko dira, bai eta aplikazioak modu erraz eta intuitiboan sortzen ere. Adimen artifiziala ikasleei hurbiltzeko modu bat da, sektoreko enpresa lider baten eskutik.

  Sherpa.ai, Bilbon eta Silicon Valleyn egoitza du eta inteligentzia artifizialeko zerbitzuetan punta-puntan dagoen konpainia liderra da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!