Martxoaren 22an egingo da harreragile lan poltsarako azterketa bakarra

2018/03/20
28 hautagaik dute ariketa teorikoa egiteko aukera

  Lan poltsarako deialdian jada zehaztu zen oposizio fasean azterketa bakarra, teorikoa egin beharko zutela hautagaiek. Azterketa horretarako oinarria, deialdiarekin batera argitaratu den gaitegia izango da. Administrazio egintzak, udal antolaketa, eraikinen eta instalazio publikoen mantentzea, bulegoko makina laguntzaileak, datu pertsonalerako jabetza publikoko fitxategiak eta datuak babesteko legea, Oñati udalerria eta elkarteak dira, besteak beste, gaitegi horretan jaso diren gai batzuk.
Aipatu azterketa teorikoa etzi eguerdian, 12:00tan egingo da udal  euskaltegian. Azterketa egiteko aukera 28 lagunek dute, horiek baitira eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren hautaketa prozesura aurkezteko onartu direnak. Lagun baten eskaera berriz baztertu egin da,ezarritako euskara maila ez duelako akreditatu.

  Osteguneko azterketa teorikoa zuzenduta, gainditzen duten hautagaien merituak baloratuko dira ondorengo lehiaketa fasean eta egiaztatu duten lan eskarmentua eta formazio osagarria hartuko da kontuan. Hautaketa prozesu osoan lortutako puntuazioaren arabera zehaztuko da hautagaien lehentasun ordena lan poltsan. Hala, udal eraikinetan aldian-aldian sortzen diren beharrak betetzeko zerrenda propioa izango du udalak. Azkenaldian suertatu diren halako beharretarako inguruko herrietan dituzten lan poltsetara jo behar izan baita.

Iturria: Oñati Irratia