Maria Cruickshank “Igelak” komedia errodatzen ari da

2015/11/09
Oñatiarrak egiten duen bigarren luzemetraia da

  Patxo Telleriak zuzentzen du Igelak filma. Gorka Otxoa da protagonista baina Miren Gaztañaga, Josean Bengoetxea, Gurutze Beitia, Mikel Losada eta Maria Cruickshank aktore oñatiarrak ere parte hartzen dute. Aipagarria da dena den, filmean musikariek izango duten leku berezia. Musikaz blaituriko euskal komedia izango dela aurreratu da prentsan eta besteak beste, Ainhoa Arteta sopranoa,  Xabi Solano, Francis Diaz, Natxo de Felipe, Gose, Oreka TX eta Gatibuk parte hartuko dute.

  Maria Cruickshanken bigarren filme luzea da Igelak izenekoa. Aurrez, Borja Cobeagak zuzendu zuen Negociador filman Faynaren papera jokatu zuen. Negociador, gaztelerazko euskal produkzioa izan zen, Patxo Telleriak zuzentzen duena berriz, euskara hutsezkoa.

  Gorka Otxoak jokatzen duen Pello da Igelak filmeko pertsonaia nagusia. Banku sukurtsal bateko zuzendaria da, eta delitu ekonomikoengatik atxilotzen dute. Pelloren nagusiak ere inplikatuta daude auzian, baina bakarrik utzi dute. Horretaz ohartuta, ihes egitea erabaki du Pellok, eta ihes horretan etxegabetuen elkarte batek okupatutako etxe batean aurkitzen du babesa. Bere kide berrien konfiantza bereganatuta, atzerrian bizitza berri bat hasteko behar duen dirua lapurtzeko asmoa jorratuko du.

  Pasa den astean hasi ziren filmaketa lanek zazpi aste iraungo dute guztira, eta Pasaia, Oiartzun eta Donostia inguruetan egingo dira. Abra etxeak ekoizten du eta ETBren partaidetza eta Eusko Jaurlaritzaren nahiz ICAA Espainiako Zinematografiaren eta Ikus-entzunezko Arteen Institutuaren laguntza du. Filmak bi milioi euroko  aurrekontua du.

Iturria: Oñati Irratia
 

Bigarren luzemetraia filmatzen hasi da Maria Cruickshank