Mallako izeia bat moztu eta eraman du Bilboko Lutheria Eskolak sokazko musika tresnak egiteko

2020/02/18
Card image cap
XVIII. mendeko instrumentuen egite-prozesua errepikatu nahi dute

  Esperimentu moduan eta ikasleen formaziorako planteatu du Bilboko Euskal Lutheria Eskolak bertako egurra erabiltzeko esperientzia hau. Normalean, biolin, biola… sokazko instrumentuak egiteko bi egur mota erabiltzen dira: izeia, kaja egiteko, eta astigarra, heldulekuetarako.  Mundu osoan ezaugarri onenak dituzten izeiak Alpeetakoak dira eta astigarrak berriz, Balkanetakoak. Hau da, leku garaietan eta hotzetan hazitakoak. Malla inguruko izeiak antzeko baldintzetan hazi direla kontutan hartuta, proba egitea erabaki zuten Lutheria eskolakoek.

  Egitasmoak helburu bikoitza du, instrumentuak egiteko lehengaiak bertan eskuratzea eta ikasleak egurraren inguruan trebatzea. Horretarako, udalera jo zuten Euskal Lutheria Eskolakoek, Mallako izeidia herri lurretan baitago. Izeia bat botatzeko baimena eman zitzaien eta Imanol Artola basozainaren laguntzaz, aproposa izan zitekeena aukeratu eta ostiralean moztu zen, ilbehera zela aprobetxatuz.

  60-70en bat urteko izeia bota da, 60 zentimetroko diametroa duena. Ez da ohikoa goi mailako sokazko instrumentuak egiteko bertako egurra erabiltzea, Ander Arroitajauregi eskolako irakasleen esanetan, lehen aldia litzateke. Gainera, XVIII. mendean sokazko tresna baliotsuak egiteko erabili zen prozesua errepikatu nahi dute, gaur egun ere eta bertako egurrarekin, goi mailako instrumentuak egin ote litezkeen ikusteko.

  Mallan moztutako enborraren zatiak Azpeitira eraman dituzte eta errota zeneko batean ur gezatan utzi dituzte. Bizpahiru hilabete barru, Pasaiara, Albaolara eramango dituzte, ur gazitan sartzeko. Prozesu guztiak 3 urte pasa beharko omen ditu. Bitartean, egurraren ezaugarriak nola aldatzen diren neurtu eta parametro ezberdinak kontrolatuko dira, biolin eta antzerakoak egiteko bertako egurraren egokitasuna ikusi ahal izateko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!