Lope Agirre kaleko ur hoditeria guztiz berrituko du Gipuzkoako Urak enpresak

2021/04/14
Card image cap
Kale Barriatik gora zanga irekitzen ari dira

  Gipuzkoako Urak enpresak erdiguneko kaleetako ur sarea hobetzeko lanak egiten jarraitzen du. Aita Mortara, Aita Madina eta Unibertsitate etorbideko lanak kasik amaituta Lope Agirre kalera aldatu dira. Hemen ur hoditeria guztiz berrituko dute: ur edangarriaren hornidura sarea aldatuko da eta  orain arte batera bideratzen ziren ur zikinen eta euri uren azpiegitura berezita, bi hoditeria sare osatuko dira. Lanok, 8-10 astetan egiteko asmoa dago.

  Baina kale Barrian hasi ziren lanak Lope Agirre kaleraino iritsi beharko dira. Ur hoditeriaren norabidea identifikatzeko katak egiten hasi ziren martxo amaieran baina lana pentsatu baino konplexuagoa gertatu da eta azkenean udaletxe atzealderainoko ireki behar izan dute zanga. Losak eskuz kendu behar izan dituzte eta zulatze lanak aurreikusitakoa baino handiagoak izan dira, inguru horretan egin asmo zituzten lanen iraupena luzatuz. Dena den, atzo bertan hasi ziren zulatze lanak Laboral kutxa aldameneko errepidetik Portu kalerantz.

  Lanerako materiala Lope Agirre kalean pilatu eta langileen aldagela eta kabinak Santa Marina plazan kokatu dira. Lope Agirre kalean ez dago trafikorik, garaje gutxi batzuen sarrera-irteerarako besterik ez eta horrek lanen abiaduran positiboki eragitea aurreikusten da. Baina haraino iritsi baino lehen, Portu kale parean edo, trafikoan afekzio txikiren bat eragitea posible dela adierazi digu udaltzainburuak. Dena den, aurrez abisua emango da.

  Gipuzkoako urak enpresa ur hornidura sarea hobetzeko hainbat lan egiten ari da Oñatin. Handienak, Aita Mortara eta Unibertsitate etorbide inguruan egin dira eta datozen egun eta asteotan Lope Agirre kalean jarraituko da. Zubillagan eta Moiua kalean beste hartune eta lotura lan txikiagoak ere egingo dituzte  baina aipatutako biak amaitu ondoren. Guztira, sei hilabetetan osatzea aurreikusten da, lehenengo bi hilabeteak joan dira jada.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!