Oñatiko udala

Lizaur kalea eta Otadui zuhaiztiko transformazio zentroen arteko lotura lanak egiten ari da OÑARGI enpresa

2016/07/12
Card image cap
Kale zaharreko beheko zatian fatxadetan josita doan argindar sarea lurperatuko du ondoren

  Argindar sarea hobetzeko lanetan ari da Oñargi enpresa. Une honetan, Otadui zuhaiztian, argindar azpiegitura osatzeko lanak egiten ari dira. Hala, Lizaur kaleko eta Otadui zuhaiztiko transformadoreen arteko lotura egiten ari dira. Lanak, Otadui zuhaiztian, Santakrutz ermitatxo parean hasi eta Garaineko sarrera bitartean edo, egingo dira. Tarte horretan, argindarrerako, lau hodi sartzen ari dira.

  Baina argindar sarea hobetzeko lan gehiago egin asmo ditu Oñargi enpresak. Kale zaharreko beheko zatian, hau da, Lizaur kaleko bidegurutzetik behera dagoen zatian, fatxadatan josita doan argindar sarea kendu eta lurperatuko baitu. Kasu honetan, lanak, errepidea zulatu gabe egingo dira, izan ere, Gipuzkoako Urak enpresak ur hornidura sarea berritu zuenean jada, lurpeko hoditeria sartu baitzuen. Une honetan, kale zaharreko behealdean, argindar sarea eta argiteria sarea kable bihurritu berean doazela kontutan hartuta, kaleko argiteria berritzeko II. fasea egitea erabaki berri du Udalak. Argiteria publikoren hariteria ere fatxadetatik kenduko da eta hainbat argi puntu aldatuko dira, kanpo argiteria hobetu eta indarrean dagoen araudira egokitzeko.

  Kale zaharreko argiteria hobetzeko lanen bigarren fase honek, Lizaur kaleko bidegurutzetik Kale zaharra 76 zenbakirainoko argiteria berritzea du helburu. Tarte horretan, esan bezala, fatxadako kableatua kendu, berria lurpetik sartuko da eta 11 luminaria berri jarriko dira. Erdiguneko kale nagusietan dagoen luminaria eredu berbera jarriko da. Oinarrian, egungo argi puntuen kokalekua mantenduko da bat izan ezik, hori, apur bat desplazatuko baita. Kale zaharreko behealdean, kaleko argiteria berritzeko lanok, ARGI enpresak egingo ditu. Horretarako, ia 11.000 euroko aurrekontua onartu du Udal Gobernu Taldeak. Baina lanak, ez dira berehalakoan hasiko, luminariak eskuratzeko epe bat behar izaten baita. Iraila aldean edo, egitea aurre ikusten da, bai fatxadetara lortuta doan argindar eta argiteria sareak lurperatu eta bide batez, argiteria sarea bera berritzeko lanak ere.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!