Langileen lan eskubideak bermatzeko udal mailako mahaia eratzea proposatu zuen EAJk asteazkeneko Osoko Bilkuran

2020/01/31
Card image cap
EH Bilduk aurkeztutako Lan-pentsio-bizitza duinaren aldeko greba babesteko ebazpenaren haritik egin zuen proposamena bozeramale jeltzaleak

  Euskal Herriko Karta Sozialak atzorako deitu zuen greba eztabaidagai izan zen bezperan egindako Osoko Bilkuran. Udalbatza osatzen duten bi taldeek bat egin zuten pentsio sistema publikoa, lan esparru propioa eta bizitza duinen aldeko aldarrikapenekin, ez ordea, grebaren bidearekin. EH Bilduk greba babesteko ebazpena aurkeztu eta onartu zuen, EAJk, berriz, kontra bozkatu zuen.

  Onartutako ebazpenak grebarekiko atxikimendua adierazi, aldarrikapen taularekin bat egin eta udal langileei greba egiteko erraztasunak ematea jasotzen du, besteak beste. Aldi berean, Madrilgo, Gasteizko eta Iruñeko gobernuei hainbat eskaera konkretu egitea. Hara nola, pentsio murrizketak indargabetzea, azken lan erreformak bertan behera uztea, 1.080 eta 1200 euroko gutxieneko pentsio eta soldatak jartzeko neurriak abiaraztea, edota lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioaren aldeko neurriak abiaraztea. Ebazpenaren kopia bana bidaliko zaie Madril, Gasteiz eta Iruñeko gobernuei.

  EAJko ordezkariek ebazpenaren kontra bozkatu zuten, esan bezala. Pentsio sistema publikoaren aldeko aldarrikapenarekin, edota eskubide sozialen eta lan harremanen esparru propioa izatearekin ados zeudela argitu zuten baina horiek guztiak Espainiako gobernuaren eskumena direla azaldu zuten. Udal eskumenekoetan eragitea proposatu zuen Ainhoa Galdosek eta langileen lan eskubideak bermatzeko udal mailako mahaia eratzea eskatu zion alkateari. Besteei eskatzea ondo dago, baina gure eskuduntza eremuan dagoena aztertzea, eta hala badagokio irtenbideak proposatzea ere ondo legoke, gure erantzukizuna delako esan zuen. Grebaren bidetik baino hitza, elkarrizketa soziala eta akordioa erabilita gehiago lortuko zenaren segurtasuna azaldu zuen bozeramale jeltzaleak asteazkeneko Osoko Bilkuran.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!