Langabeziak pitin bat gora egin du azken bi hilabeteetan gurean

2019/11/06
Gizonezkoen artean egin du gora langabeziak Oñatin

  320 langabetu daude Oñatin Enplegu zerbitzuak zabaldu dituen azken datuen arabera. Horrek esanahi du, abuztuan baino 4 langabe gehiago daudela, eta Oñatiko langabezia tasa, % 5.88 dela une honetan. Lan bila dabiltzanen adina eta sexuari erreparatuta, azken iraila eta urrian ikusi den hazkunde txiki hori nagusiki gizonezkoen artean, eta bereziki, 45 urtetik gorako gizonezkoen artean gertatu da. Abuztuan 59 ziren lana topatu ezinda zeuden 45 urtetik gorako gizonezkoak eta urri amaieran 67 ziren. Gora behera honek emakume eta gizon langabeen portzentajea pitin bat orekatzea ekarri du; azken datuen arabera Oñatin lanik gabe dauden 100 lagunetatik 44 gizonezkoak dira eta 56 emakumezkoak.

  Azken bi hilabeteetan langabeen kopurua pitin bat hazi bada ere, 4 lagun gehiago zenbatu baitira, uztailetik aipatzen ari garen goranzko joera berretsi egin da. Hilabetez hilabete gora beherak izaten dira herriko langabetuen kopuruan eta une honetan, apirilean neurtu zen mailaren antzera legoke langabezia gurean.

  Begirada Hego Euskal Herrira zabalduz, esan, Oñatin bezala, langabeziak gora egin duela urrian eta 3.000 langabe gehiago zenbatu direla. Lanik gabe geratu direnen erdiak zerbitzuen sektorekoak dira, bai Hego Euskal Herrian eta baita Oñatin ere; herriko 320 langabe horietatik 168 zerbitzuetan aritu da lehenago eta 111 berriz, industria arloan. Hegoaldeko lau herrialdeetan egin du gora langabeen kopuruak azken hilabetean, bereziki Nafarroan.

  Orain urtebeteko datuekin alderatuta bestalde, egoera apur hobea da orain, Oñatin, iazko urrian baino 7 langabe gutxiago baitaude.

Iturria: Oñati Irratia